John Bergerrek zioen gizartea edo pertsonak shock egoeran sartzen garenean identitatea eta gure pausoen norabidea galtzen ditugula, eta orduan, lasaitasuna bihurtu daitekeela erresistentzia modu bat.
Bergerrek askotan aipatzen du nola botereak, kultura eta beste hainbat tresnen bidez, era zabal batean kontrolatzen duen gure begirada munduarekiko, edo nola esperimentatzen dugun bizitza.
Gure egunerokoan, geroz eta handiagoa da zarataz inguratuta gaudelako sentsazioa, eta hori gaur egungo garaien adierazgarri bat ere izan daiteke. Eta pentsatzen jarrita, eguneroko adibide argi bat izan daiteke guri berriak emateko erabiltzen duten modu erabat efektista, batez ere, albistegietan eta sare sozialetan. Bide beretik iristen zaigu beldurra, sentsazionalismoa ez delako soilik produktu saltzaile bat, beldur sortzaile bat ere badelako.
Eta guk zer egin dezakegu? Lasaitasunak ezin ditu ordezkatu sentitzen ditugun amorrua, tristezia, beldurra eta antzeko sentipenak, bidezkoak bezain ulergarriak. Baina lasaitzea lagungarri izan daiteke halako sentipenek sortzen diguten shock egoeran. Izan ere, shock-ean gauden bitartean, gure pentsatzeko gaitasuna nolabait bahituta gelditzen da, eta zarata moduko horrek hartzen dizkigu erantzuteko erabil genitzakeen denbora eta gaitasuna.
Lasaitasuna tresna bat izan daiteke fokua behar den lekuan jartzeko. Zaratatik urrundu, eta lasaitasuna lagun, barrura eta inguru hurbilera begiratzen hasteko. Beldurrik gabe.
Horretarako balio ahal digu lasaitasunak.