Izena eta izana dituen gure hizkuntza honek, beste hizkuntza askok bezala, badu bere paronimorik. Edo bestela esanda, antzeko ahoskatu eta hitz jokoetarako beta handia ematen duen hitzik. Izen antzeko bat, eta izate edo egote desberdin bat, askotan.
Botoa ematen duenak, edo botoa emateak, ez dakar askotan boterea edukitzerik. Eta botoa jasotzen dutenen artean, bada boterea banatzen duenik edo osorik edo ia osorik berarentzat gordetzen duenik.
Begirada bat izateak, hau da, mundua begiratzeko modu bat izateak, ez du bermatzen beti munduari so egiteko modu hori begirunezkoa izanen denik.
Aritu asko aritzen dira gauza askotan, baina elkarrekin haritzeko lana, zubiak sortzeko lana, ez du hainbestek egiten. Eta aditu, aditu gehiegi daude gauza askoren inguruan asko dakitenak, baina beste batzuekin bidean aritzeko gaitasun gutxi eta jendartea haritzeko gaitasun gutxiago dutenak.
Ondo egotea edo hondoratuta egotea ere ez dira gauza bera. Eta jende asko dago ondo dagoela erakutsi nahi duena, barnetik hondoratuta dabilenean.
Zaurituta egotea eta zaurgarri izatea era ez dira gauza bera, eta batak ez du beti eramaten bestera. Batzuek, zaurituta daudenean, zaurgarri erakusten dute haien burua, baina beste batzuek zauri hori ezkutatzen duen maskaraz agertzen dira, egunerokoa den munduko eszenatoki honetan.
aRRazionalitatea aRRari lotzen diogu askotan, eta eMeari eMozionaltasuna, baina nork erabaki zuen bata bestea baina hobea denik eta hala denik?
Hitzen itzalean segituko dut nik hemen, gogoz, gogoetan.