Marjane Satrapi komikilari irandarrak –Persepolis komiki ezagunaren egileak– idatzi zuen benetan begiratzen hasiz gero mundua ez dagoela ekialde eta mendebaldearen artean banaturik. Elkarrekin hitz egiten hasita hangoek eta hemengoek primeran ulertuko genukeela elkar, nahiz eta aurretik elkar ezagutu ez.
Gu –herritarron– eta geure gobernuen arteko desberdintasunak, handiagoak direla bi aldeetako herritarren artekoa baino. Eta, zorionez edo zoritxarrez, gobernuak ("gure eta zuen gobernuak") oso antzekoak direla.
Marjane bere jaioterriaz ari zen, Irani buruz, gu hori aipatzean, eta amerikarrei, Amerikako Estatu Batuetako jendeei, zuzentzen zizkien bere hitzak. Azken asteotako gertaerei so egiten badiegu, Satrapiren hitzek are zentzu handiagoa hartzen dute.
Gure erabakimenetik at dauden zirkunstantzia askoren menpe gaude, gehiegizko botere eta erabakien menpe, baina badugu hauturik egiteko beta, hain txiki ez den gure txikian.
Adibidez, ahalegin gaitezke gu izan gintezkeen beste horiek ezagutzen. Kontzientzia eta jakin-mina tarte batez lanean jarri, eta beste horien inguruan irakurri, entzun, filmak ikusi, haien musika aditu... Beste horien bertsoak eta minak ezagutu, haien eguneroko erronkak, eta jasaten dituzten gehiegikeriak hauteman. Azken finean, distantziak laburtu gu eta haien artean. Sustrai sakonak dituzten bi zuhaitz bezala izan, eta biei gureek (agintzen digutenek) adarrak mozten badizkigute sustraien bidez elkar bilatu, eta elkarri lotu. Ulertu, gizatasuna partekatzen dugula, eta ez garela hain desberdinak.