Azkenaldian gero eta gehiago dira adimen artifizialari buruz agertzen diren berriak.
Askotan, bitxikeria txiki baten moduan. Agian zuei ere pasa zaizue: lagun edo hurbileko batekin egotea kafea hartzen, eta bat-batean kontatzea oso ezaguna den adimen artifizialeko txat bati galdetu diola zenbat galtzerdi-pare eraman behar dituen bidaia batera. Barre egiten duzue, lehen horrelakoak lagun bati edo gurasoei galdetzen zenietelako...
Aurreko adibideak xelebrekeria bat irudi lezake, baina zer gerta daiteke galdetzen duena ez bada edonor, herrialde bateko agintari goren bat baizik, eta galdera gobernu-erabaki baten ingurukoa bada, “bigarren iritzi” baten gisa? Ba gertatzen ari da, gaur egun, Suedian.
Sare sozialak badituzue, seguru ikusi dituzuela adimen artifizial bidez sorturiko irudirik. Ezagun baten irudi bat, “anime” estiloan egina, adibidez. Oso polita, dibertigarria. Baina horren atzean badago beste errealitate bat: hainbat artistaren lana “eskuratzen” ari da… baimenik gabe. Nork bermatuko dizkie artistei haien obra eta irudien inguruko babesa? Non geldituko da artista horien babesa dena irensten duen munstro horren aurrean?
Are kezkagarriagoa da gero eta handiagoa dela adimen artifizialeko tresnak gure osasun mentala kudeatzeko erabiltzeko joera. 2025. urtean lehen aldiz, horrelako tresnen erabilera nagusia terapia egitekoa izan da. Osasun arloko hainbat aditu hasi dira ohartarazten: hala jokatzeak arrisku handiak sor ditzake. Besteak beste azpimarratu dute horrelako tresnek, egungo garapen-fasean behintzat, joera dutela erabiltzaileei arrazoia emateko, eta entzun nahi duten horren alde egiteko. Ikusi da autolesionatzeko joerak dituzten gazte batzuen kasuan jokaera horiek gauzatzen lagundu dietela halako tresnek.
Luze pentsatzeko kontua da (baina agian hobe txat horietako bati galdetu gabe)