Duela pare bat aste, ikasleengan irakurtzeko zaletasuna areagotzeko Hezkuntzako ikastaro batean, hizlariak aipatu zuen ikerketa batzuek diotena: zenbat eta handiagoa izan irakurtzeko gaitasuna, orduan eta handiagoa omen da enpatikoak izateko gure gaitasuna ere. Enpatia, irakurtzeko ahalmena bezala, ikas daitekeen gaitasun bat omen da, eta bi ahalmenak erlazionatuta ei daude.
Ikerketa horien arabera, irakurtzen dugunean (batez ere fikzioa, baina beste testu mota batzuekin ere gertatzen da), istorio edo narrazio batean emozionalki inplikatzen edo sartzen garenean, enpatikoagoak bilakatzen gara.
Irakurtzeaz harago joanda, antzeko eragina izanen al dute filmek, zinemak, musikak eta halakoek gugan? Ez dakit, baina irakurtzeak badu zerbait berezia: jarrera aktiboagoa eskatzen digu.
Bestalde, eta gaur egun pentsatzeko hainbat moldek daukaten arrakastaz hausnartzen hasita, esan liteke herritar batzuen jarrera batzuk oso agerian doazela enpatiaren kontra. Pertsona batzuek oso onuragarria ez dirudien erraietako gogoa erakusten dute “beren lurraldetik” kanporatzeko bertakoak ez direnak. Edo arranguraz aritzen dira “beraiek” dituzten eskubideak beste tokietatik etorritakoei emateren kontra.
Galderekin segi dezakegu, eta geure buruari galdetu gure artean edo orokorrean gizartean nabarmena den enpatia faltak, ez ote duen zerikusirik geure buruekiko dugun deskonexio puntu horrekin, edo ez ote dagoen lotuta, hein batean, gure minekin edo emozio desatseginekin konektatzeko dugun beldurrarekin. Geure buruari sentiaraztea onartzen ez diogun mina, nola onartuko diogu beste bati, modu onean?
Bitartean, gehiago irakur dezakegu (edo ez), baina ea enpatiak gora egiten duen gugan....