Behin eta berriro, bolo-bolo dabil bullying-a, guztion ahotan. Kasu bat izan da azkenotan, guztioi akaso zerbait eragin diguna, gure arreta bereganatuta. Neska nerabe bat, Sandra, jazarpena jasaten ezin jarraitu, mundu honetatik alde egitea hobe zuela pentsatu eta horren arabera jokatu zuena.
Ezin dugu asmatu zehatz mehatz zer izango zuen buruan neskatila honek, baina galdetu diezaiokegu geure buruari zein diren desastrerako faktoreak halako kasuetan, eta zergatik errepikatzen diren horrelako kasuak nahi baino gehiagotan. Eta zertan saia gaitezkeen ikusten, pentsatzen, eragiten, gehiagotan errepika ez dadin.
Daturik argiena: horrelako kasuak ia beti hasten dira ikaskide, kirol taldekide edo antzeko baten edo batzuen burlekin, hitzezko jazarpenekin edo jazarpen fisikoekin. Baina ez beti. Izan daiteke jazarpen aktiborik ez izatea, eta besterik gabe norbait bazter uztea. Inork ez du egiten pertsona horren kontra, baina inor ez da harekin elkartzen.
Askotan ahazten zaigu zer garrantzitsua den taldearen parte sentitzea. Denontzat, baina bereziki nerabeentzat. Zenbat aldaketa jasaten ari diren eta zer hauskorra den haien autoestimua, eta zeinen erraz lotsatzen diren. Lotsa horrek errua sor diezaieke, eta errua, batez ere barnerantz bideratutako errua, haien barneko etsai nagusia bilaka daiteke aise.
Jazarpena jasan edo jasaten duten lagun asko sinetsita egoten dira beraiena dela errua, jazarriak direla beraiek zerbait egin dutelako, eta horrek eragin dezake inori ez kontatzea. Edo kontatzea denbora asko pasa ondoren, jazarpen egoeratik atera direnean. Halako zerbait ez partekatzeak sortzen duen mina ere eramatea bizkarrean.
Nago helduok (irakasle, guraso eta oro har ingurukook) zerbait egin dezakegula laguntzeko. Hasteko, erne egotea. Arretaz begiratzea aldarte-aldaketa txiki eta ez hain txikiei, adibidez. Eta babes-eremuak eta konfiantzazko erlazioak eraikitzea. Ez da erreza, batzuetan helduok hala jokatuta ere ez digute kontatuko, baina saia gaitezke, saiatu behar dugu. Behin eta berriro gertatzen dena gero eta gutxiago gerta dadin.