Astekoa

Etiketen balioa

Erabiltzailearen aurpegia Erkuden Aldasoro Errea 2026ko apirilaren 27a

Azkenaldian, edozein elkarrizketatan, izan sareetan edo lagunartean, seguru entzun diozuela norbaiti "traumatizatuta" dagoela esaten, beste inori buruz "nartzisista" dela baieztatzen, edo harreman bat "toxikoa" dela bermatzen. Lehen psikologiako eremura mugatzen ziren hitzak erabat sartuta daude orain gure eguneroko hizkeran.

Termino horiek erabiltzeak badu bere zeregina: izena ematea minari edo egoera desatsegin bati. Eta horrek lasaitasun puntu bat ekartzen digu, dudarik ez. Izendatzeak ikusgarri egiten du isilpeko ezinegona, eta balioztatu mina. Ziurtatzen du min hori ez dela jada geure asmakeria. Badu izen bat, badu izana.

Baina izen edo etiketa horrek beste zerbait ere egiten du, askotan nahigabe. Zerbaiti, edo norbaiti, etiketa bat jartzean, mugatu egiten dugu, kaxa moduko batean sartu, gugandik apartatu, bazterrean uzten ditu bestelako aukerak.

Mina izendatzeko erabiltzen ditugun tresnak, etiketak, babes moduan izan ditzakegu aldi baterako, baina askotan muga sendoegiak marrazten dituzte: ni biktima, zu erasotzaile; ni zaurgarri, zu nartzisista; ni buruargi, zu itsu. Une jakin batean seguruak izan daitezkeen muga horiek arriskugarriak bihur daitezke edozertarako erabiltzen badira, haietatik harago ez bagara joaten soluzio bila.

Arazoa ez da halako terminoak erabiltzea, noski. Arazoa da haietan geratzea. Etiketak tresna bat dira, baina, zer tresna dugu hurrengo pausorako? Izendatu ondoren, hor geldituko gara? Agian etiketetatik galderetara pasa beharko genuke. "Hau toxikoa da" esan ordez, "zerk egiten du toxiko?" galdetu, adibidez. Etiketek mugak marrazten dituzte baina galderak itxuragabetzen.

Eta hor, galderen hutsune horretan, hasten da benetako lana. Izendatu, baliozkotu, bai. Baina gero, ikusi ea etiketetatik harago zer eraiki daitekeen. Muga seguruak jarri, baina zubiak eraikitzeko modukoak badira, hobe. Bestela, hiztegi terapeutikoaren erabilera orokortuak isolamendurako bide zuzen eta oso bakartia besterik ez baitigu emanen.