Aurrekoan gure burua aurkeztu genuen moduan, Errafailak gara, Sakanako neska* gazte feministak. Baina, zergatik “neskak*” bakarrik? Bada, sistema kapitalista heteropatriarkalaren baitan, hamaika zapalkuntzek zeharkatzen gaituzte emakume gazte moduan. Horregatik, bere burua emakumetzat identifikatzen eta sentitzen den oro hartzen dugu subjektu politikotzat. Sistemak gure gorputzak gudu zelai bilakatzen ditu indarkeria matxistaren biktima bihurtuz, zaintza lanen sostengu bihurtuz, edertasun kanonen preso eginez, prekarizaziora bultzatuz… Frantzia eta Espainiar estatuen inposaketa eta zapalkuntzen aurrean, Sakanako neska* gazteok gure euskal izaera aldarrikatzen dugu, Euskal Herri Feminista eta Sozialista eraikitzea helburu. Horretarako, gure esparru propioak sortzea, sareak ehuntzen joatea, elkarrekin konspiratzea, autodefentsa feministaz borborka dagoen salda egunero eragitea, moldatzea, elikagai berriak gehitzea eta Euskal Herriko Mugimendu Feminista elikatzen joatea ezinbestekoa ikusten dugu.
Ez ditugu sistema kapitalista heteropatriarkalaren genero arauak eta ezarritako sexualitateak onartuko, ez dugu horregatik sufrituko. Ez gara normatibizatuko, asimilazio mota guztien aurrean antolatu eta borrokatuko dugu. Ez gara ezkutatuko beldurrik ez dugulako. Ez gara salbuespena, disidentzia gara, eta zuen fobien aurrean autodefentsa transmaribibolloa izango da gure arma!
Jarrai dezagun baina, neska* gazteon bidea egiten zein beste bide batzuk arakatzen. Bidean egingo gara, bideak egingo gaitu!
Errafailak gara, eta Sakanan zehar gaude! Sorgiñik badago, etzago! Tarran- patta-pattan!