Azken urteotan Mugimendu Feministak garatutako indarra agerikoa da. Neska* Gazteok Mugimendu Feministaren parte gara eta gure bidea egin dugu gazte izateagatik sufritzen ditugun problematika zehatzak salatuz, gure subjektua artikulatuz eta gorpuztuz eta ukatuak zaizkigun espazioak hartuz. Bizi dugun testuinguru sozialean, mundu mailako krisi anizkoitzak, estatuek eta potentzia ekonomikoek, biolentzian oinarritzen den sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazistaren aurpegirik basatiena erakutsi digute: osasun publikoan murrizketak, zaintza lanen feminizazioa lan kargak emakumeon*gan utziz, kontrol soziala eta bortizkeria poliziala normalizatuz, indibidualismoa bultzatuz, gazteon militantzia politikoa kriminalizatuz eta neska* gazteon biziak prekarietate bortitzago batera bultzatu dituzte.
Honen aurrean, elkar zaintza, kolektibotasuna eta gure arteko saretzea ezinbestekoak dira. Mugimendu Feministaren baitan, inoiz baino antolatuago eta saretuago egon behar dugu emakumeok* eta horrekin batera, neska* gazteok. Biziak sostengatzeko ardurak kolektibizatu behar dira botere harremanak errotik aldatzeko. Badugu lana, badugu zer hausnartu eta aldatu, gure pribilegioak berrikusi beharko ditugu eta gure arteko arrazakeria deseraiki beharko dugu barrutik kanpora begira eragin ahal izateko. Neska* Gazteok antolatzeko eta borroka feministara batzeko deia luzatzen dugu. Elkartasunez eta zaintzaz, sistema arrakalatuko dugu. Neska* Gazte, batu borroka feministara!