Urriaren 9 eta 10ean 600 neska* gazte elkartu ginen Elizondon krisi anizkoitzari nola erantzun behar diogun hausnartu, gure subjektua berrezaugarritu eta gure problematika propioak mahai gaineratzeko helburuarekin.
“Mugimenduan gaude, lurrikara gara” leloak gure ibilbidea deskribatzen du. Azken urteotan Neska* gazte taldeak loratzen ikusi ditugu Euskal Herrian, hamaika herritan sortu dira. Neska* gazte talde berriak hamaika herritan zapaltzen gaituen sistema honi aurre egiteko, antolatzeko eta sartzeko gai izan gara. Kuantitatiboki hazteaz gain, kualitatiboki ere izugarrizko saltoa eman dugu, hala nola gure subjektua Neska* gazte bezala izendatu dugu, Neska eta gazte izateak errealitate zehatz baten aurrean kokatzen gaituela ulertuz, baita hauei aurre egiteko borroka molde konkretuak sortuz ere.
Mundu mailako pandemia batek eztanda egin du, eta gainean dugun krisiaren ondorioz inoiz baino argiago geratu da mugimendu feminista duela urte asko esaten ari zena: bizi garen sistema sostengaezina da. Azken bi urteetan argi ikusi dugu sistema honetan bizitzak baino, kapitalaren interesak daudela zentroan eta eredu horrek bizitza bera erasotzen duela. Neska* gazteon prekarietatea areagotu egin da, herri mugimenduarentzat antolakuntza eta jarduera politikoa sustatzea zaildu da, sareak eta aliantzak ehuntzeko arazoak egon dira... mugimendu sozial guztien eragin gaitasuna murriztuz.
Esan bezala, garai konplexuak datoz eta bi etorkizun posibleren artean gaude: neoliberalismo basatiaren beste aurrera pausu bat edo krisi momentu hau palanka bezala erabiltzea eredu aldaketa baterantz. Neska gazteok badakigu zeren alde egin eta horretarako zurrunbilo honen erdian erresistentzia izango gara. Lanean jarraituko dugu kontzientziak astintzen, antolatzen eta kaleak hartzen. Euskal Herria feminista dugulako helburu.
Indarkeria desberdinen gogortzearen testuinguru honetan, emakumeon aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira eta Azaroaren 25ean bertan antolatuko diren deialdietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu! Kalean ikusiko dugu elkar!
Gora borroka feminista!