Azken hilabeteotan transamaribibolloon kontrako hainbat erasoren berri izan dugu eta maiatzaren 17an kalera atera ginen gaur egun oraindik jasan behar izaten dugun LGTBI+ fobia salatzeko. Sakanako feminista, neska* gazte, transmaribibollook argi dugu eraso hauek ez direla kasu isolatuak, zapaltzen gaituen sistema zisheteropatriarkal kapitalistaren espresio gordinena baizik.
Heterosexualitatea gizonen boterea bermatzen duen erregimen politikoa da, gizon eta emakume kategoriak sortzen eta indartzen dituena, bi hauen arteko harremanak arautuz. Arazoa estrukturala da, zisheteronormatibitateak gure bizitzen alderdi guztiak arautzen ditu: plazera arautzen digu, identitateak ezabatu eta normatik ateratzen garen oro zigortzen gaitu. Guk inposizioari uko egiten diogu, eta gorputz eta harremantze hegemonikoekiko ezberdintasuna eta disidentzia aldarrikatzen ditugu.
Ez ditugu haien genero arauak eta ezarritako sexualitateak onartuko, ez dugu horregatik sufrituko. Ez gara normatibizatuko, asimilazio mota guztien aurrean antolatu eta borrokatuko dugu. Ekainaren 28an, Sakanako neska* gazteok ozen aldarrikatuko dugu harro gaudela eta ez gara ezkutatuko, beldurrik ez dugulako. Orientazio sexualaren, desiraren eta identitate politikoen inguruan hausnartzen jarraituko dugu, zisheteroaraua eta barneraturiko harreman ereduak kolokan jarriko ditugu.
Inposizioaren eta erasoen aurrean, hausnarketa, deseraikuntza eta autodefentsa transmaribibolloa izango da gure arma! Garenaz harro gaude eta bizigarriak diren biziak nahi ditugu. Horregatik, saretzeko, antolatzeko, hausnartzeko eta egongo diren mobilizazioetara adi egoteko deia luzatu nahi dugu.
GORA BORROKA ETA AUTODEFENTSA TRANSMARIBIBOLLOA!