Hara zer dien

Gozatzen jarrai dezagun!

Erabiltzailearen aurpegia Errafailak Sakanan 2023ko urt. 30a, 10:20

Uda aspaldi amaitu zen eta horrekin batera, komunikabideek hilabeteetan zehar, jai giroetan eman izan diren erasoen inguruan zabaldutako mezu alarmistak. Bada, jaiak, parrandak eta aisialdi eremuak ez dira amaitu eta erasoak, egiaz, ezta ere.


Baina, buelta eman diezaiogun egoerari eta Nerea Barjolak azaldu bezala, imajina dezagun diskurtsoen produkzio bat non esaten den gizon guztiak etxera joan behar direla goizaldea baino lehen edo ezin direla atera sexu erasoak egiteko arriskua dutelako.


Honek guztiak, oraindik helburu bat betetzen jarraitzen du: alarma eta izua sortzea, sexu izua inokulatzea. Zisheteropatriarkatuaren tresna garrantzitsua da izu sexuala: emakumeon* eta sexu disidenteon gaineko kontrol soziala gauzatzen duelako, beldurraren eta jokabideak diziplinatzearen bidez gu menderatzeko; estrategia honen helburua gorputzok diziplinatzea da, izan eremu publikoa askatasunez okupatu nahi dugulako, etxean eta lan eremuan mendekotasun rolak alde batera utzi nahi ditugulako edota arau zisheterosexualekin hautsi nahi dugulako.


Aldiz, argi daukagu: gizonek erasotzeari utzi behar diote eta indarkeria matxistan duten erantzukizunaz jabetu behar dira, erasotua izatearen ardura ez baita gurea; eta hau gutxi balitz, are gehiago biktimizatzen gaituzten mekanismo polizialak jartzen dira martxan gure segurtasunaren aitzakipean, eta guk badakigu poliziak ez gaituela zaintzen.


Neska gazteok* ez dugu beldurrik eta ondo pasatzen jarraituko dugu. Feministok jai giroak, aisialdi eremuak eta bestelako espazioak borrokatzen, erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzuten eta guztiontzat seguruak izango diren espazioak okupatzen jarraituko dugu. Borrokatzen jarraituko dugu emakume* eta sexu disidenteok beldurrik gabe bizi eta gozatzeko eskubidea dugulako.

Sakanako neska* gazteok gozatzera gatoz! Antolatu eta batu borroka feministara!