Hara zer dien

Mari-kronika

Erabiltzailearen aurpegia Errafailak Sakanan 2023ko api. 3a, 09:19

Martxoaren 25ean  Errafailak, antolatutako MARI FESTA jaialdi ez mistoa ospatu zen. Bertan, eskualdeko eta Euskal Herriko jendea batu ginen gau zoragarri eta paregabeaz disfrutatzeko. 

Jaialdia emakumeez* osaturiko taldeek girotu zuten, eta gero DJ-ekin amaitu zen gaua. Kontzertuen ostean, MARI SASKIaren zozketa egin genuen, Goierriko lagunek eraman zutelarik. Espazio segurua sortu genuen, eta jendearen arteko ahizpatasuna izan zen nagusi. Ez zen inolako erasorik jazo, ezta inolako iskanbilarik gertatu. Baina, jaialdiaz harago, gauza askoz gehiago izan zen MARI FESTA.

Lehenengo unetik, jaia argitaratu zenetik, iruzkin negatibo, galdera eta erreakzio ezberdinak jaso izan ditugu jendearen partetik. Sakanako lehenengo jai ez mistoa izanik, arraro edo ez beharrezkotzat jo zuten pertsona askok. "Jaiak jada espazioa seguru bat dira… Zertarako behar da gune seguru bat? Zergatik ezin dira gizonezkoak joan?..."

Aspaldi aldarrikatu izan dugu espazio asko ez direla neska* gazte eta sexu disidenteentzako seguruak, eta jai giroak askotan arrotzak, bortitzak eta deserosoak suertatzen zaizkigula. Aisialdiko espazio horietan ez genuke horrela sentitu behar, eta horien gaineko hausnarketak beharrezkoak dira denok gozatu ahal izateko eta ez gutxi batzuek, ohikoa den bezala. 
Ondorioz, nahiz eta aurrera pausoak eman Sakanako jai giroen gaineko hausnarketa irakasgai pendiente bat da; beraz, ez genuke zertan justifikatu behar MARI FESTA bezalako aisialdi alternatiboa.

Honenbestez, Sakanan guztiontzako espazio seguruak, antifaxistak, askeak eta transfeministak eraikitzen jarraituko dugu. Hau hasiera besterik ez da! 
Azkenik, eskerrak eman nahi diegu Etxarriko Gazte Asanbladari haien espazioa uzteagatik, Perlata, Zaunka eta Dj Pezoni gaua girotzeagatik, eta bertara etorri, edo bestelako era batean guri babesa, laguntza eta elkartasuna erakutsi diguzuen guztiei.