Jada hasi gara azaroaren 30eko GREBA OROKOR FEMINISTAren antolaketan auzo eta herrietan, eta milaka gara lanean ari garen neska* gazteak, zaintza politizatzen ari garenak.
Bizi dugun bizitzaren eta kapitalaren arteko talkan, zaintza lanen pribatizazioa eta merkantilizazioa ezinbestekoak zaizkie botere kapitalista, patriarkal eta kolonialei, biziraun dezaten. Izan ere, gure gorputzen esplotazioari esker produzitu eta erreproduzitzen da kapitalismo zisheteropatriarkal koloniala. Beraz, zaintza lan gisa ukatzea eta inbisibilizatzea sistemaren ezinbesteko premisa da; eta horrexegatik diogu egungo zaintza sistema iraultzearen proposamenak potentzial politiko izugarria duela, bestelako sistema bat irudikatzera eta antolatzera garamatzalako.
Mugimendu Feministakook zaintza sistema iraultzearen proposamen erradikala mahai gaineratu dugu, greba feminista orokor baterako deia eginez, eta zaintza eskubidea izatea eta lan honen gaineko erabaki gaitasun kolektiboa edukitzea exijituz.
Euskal Herriko neska* gazteok izena jartzen diegu gure gorputzak zeharkatzen dituzten zapalkuntza egoerei, hezkuntza sistema patriarkala dela salatzen dugu, bestelako harreman ereduak imajinatzen eta praktikan jartzen ari gara, autodefentsa feministan gure gorputza jartzen dugu... Lanean ari gara, eta grebaren aurretik Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu. Elkargune eta eztabaidarako espazio bat; BATERAJOTZE berri batera goaz.
Dugun potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko, Usurbilen elkartuko gara urriaren 13, 14 eta 15ean. Finean, beste mundu bat posible dela sinetsi eta hori eraikitzeko borrokan gaudelako; utopiak gaurdanik eraikitzen hasi garelako, utopiak lehertzeraino goaz!