Streaming plataformak eta euskara aztertzeko jardunaldia antolatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Euskaltzaindia 2023ko api. 19a, 08:53

Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldi bat. UTZITAKOA

Halakoetan euskarak izan beharko lukeen tokiaz hausnartuko dute Iruñeko Kondestablearen Jauregian maiatzaren 4an. Arloko profesional, komunikabide eta adituek eginen dute gaur egun esparru horrek dituen beharren gaineko gogoeta. Euskal Herritik kanpoko ereduak ezagutzeko aukera ere izanen da

Iruñeko Komunikabideak fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatu dute jardunaldia. Antolatzaileek azaldu dutenez, “egun gure hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan ikus-entzunezkoen arloa estrategikoa da”. Horregatik, antolatutako jardunaldian “streaming plataformei, legediari eta gizartearen egoerak berak aurrean jartzen dizkiguten erronka eta zailtasunei” erreparatuko diete. 

Horretaz aparte, ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren azterketa eginen dute, euskaratik abiatuta eta profesional eta komunikabideek mahai-ingurua osatuko dute. Aztergai izanen dira ere Kataluniako Kultura Enpresen Institutuko hizkuntza politikak (ICEC) eta Filmin.cat plataformako esperientziak.

Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruaren ustez, “Euskal Herri osoan badago kezka handia euskarak pantailetan izan duen erreferentzialtasuna lausotzen ari baita”. Enrike Diez de Ulzurrunek, Iruñeko Komunikabideak fundazioko lehendakariak, adierazi duenez, “gaur egun, pantailen bidez bideratzen ditugu hein handian gure harremanak, aldarrikapenak, aisialdia; euskarak, beraz, arlo horretan ere bere tokia izan behar du, eta agintariek horretaz ohartu beharko lukete”. 

Jardunaldian parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute maiatzaren 2a baino lehenago. Horretarako 948 223 471 telefono zenbakira hots egin edo nafarroaordez@euskaltzaindia.eus helbide elektronikora idatz daiteke. Bestela, https://forms.gle/HxAqK53LUgr7M9Ng8 loturaren bidez eman daiteke izena. 

Egitaraua 

  • 09:00-09:15 Harrera eta material banaketa.
  • 09:15-09:30 Sarrera Iruñeko Komunikabideak fundazioko eta Euskaltzaindiko ordezkariak.
  • 09:30-10:15 Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra: begirada bat euskaratik.
    Jon Artatxo Aurtenetxe, IBAIA.
    10:15-11:00 Euskarazko ikus-entzunezkoen gaur egungo egoera eta erronka nagusiak.
     Alex Aginagalde Lopez - Pantailak euskaraz
     Urtzi Urkizu Adrian – Berria
     Elkarrizketatzailea: Miren Mindegia Petrirena
  • 11:00-11:30 Atsedenaldia.
  • 11:30-12:15 Hizkuntza ikuspegia duen streaming plataforma bat ikus-entzunezko politika baten baitan.
     Francisco Vargas Echeverría, Institut Català de les Empreses Culturals.
     Jaume Ripoll Vaquer, Filmin.cat (bideo-testigantza).
     Aldi bereko itzulpen zerbitzua katalana-euskara.
  • 12:15-13:30 Mahai-ingurua: Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek?
     Maite Goñi Eizmendi, EiTB.
     Xabier Alkiza San Marcelo, BIEUSE.
     Gaizka Aranguren Urroz, NAPAR.
     Eki Pagoaga, Kanaldude.
     Iban Arantzabal Arrieta, Tokikom.
     Moderatzailea: Miren Mindegia Petrirena