Astekoa

PISA azterketak: gizartearen ispilu

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Otsagabia Letamendia

Irailarekin batera, PISAren emaitzak iritsi zaizkigu. Proba honek hiru urtetik behin mundu osoko 91 herrialdetako 15 urteko gazteen errendimendua eta gaitasunak neurtzen ditu. Agian entzungo zenuen, irakurle, emaitzak desastre hutsa izan direla, bereziki, irakurriaren ulermenean.

PISAk ateratako ondorioen artean, azpimarragarria da gaur egungo gazteak 400 hitz baino gehiagoko testuen ulermenarekin arazoak izaten ari direla. Hitz kopuru batetik aurrera arreta mantentzea oso zaila egiten zaiela, alegia.

Teknologia berriei egozten zaie beherakada hau; irudi, abesti eta plano ugari nahasten dituzten ikus-entzunezkoen scroll etengabera ohituta baitaude. Irakasleontzat ere eskola ematea gero eta lan neketsuagoa bihurtzen ari da. Ados horrekin guztiarekin.

Eta helduok? Helduoi halako proba bat egingo baligute zein emaitza aterako genuke? Gaztetxoek bakarrik galdu dute arreta gaitasun hori? Noizbait gertatu zaizu telefonoarekin entretenituta zaudela, erlojuari begiratu eta bat-batean 20 minutu igaro direla konturatzea? Noiztik ez duzu etxean hiru orduko pelikula bat ikusi mugikorra behin ere begiratu gabe? Noiztik ez duzu ordubete eman soilik gauza bat egiten? Adibidez, puzzle bat osatzen, eskulan bat egiten edota liburu bat irakurtzen? Eta hainbeste eskatu gabe: lagun batekin kafe bat hartzen ari garen bitartean mugikorrari begiratu gabe egoteko gai al gara?

PISA azterketak gizarte osoaren arreta-gaitasuna neurtu digu, zeharka. Gai izango al gara Guaixe hau azken orrialderaino beste deus egin gabe irakurtzeko?