Urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna ospatu zen; gaitzarekiko sentsibilizazioa, detekzio goiztiarra eta ikerketa bultzatzea helburu duen eguna, alegia.
Udazkenaren kolore marroixkekin batera, geure kale eta erakusleihoak arrosaz ere betetzen dira. Izan ere, begizta arrosa nonahi ikusten dugu: lasterketa solidarioetan, kosmetikoetan, bitxietan, higiene-produktuetan... Hauen salmentaren portzentaje bat ikerketara doala baieztatzen dute markek. Baina, zein ehuneko iristen zaie benetan ikerketei?
Aurrekoan entzun nuen lehen aldiz Teta&teta elkartearen kanpainaren bitartez, aspaldi sortu zen pinkwashing kontzeptua: minbizi mota hau ikusarazteko aitzakiarekin, enpresek egun hau beren burua zuritzeko merkataritza-estrategia gisa erabiltzea, alegia.
Honekin batera, G. Sulik, S. Love eta B. Ehrenreich ikertzaileek duela urte batzuk azaldu zutenez, arrosaren erabilerak eta honen inguruan sortzen den parafernalia guztiak jai-sentsazio faltsua sortzen du, gaixotasunaren krudeltasuna leuntzen du eta beldurrari garrantzia kentzen dio. Gainera, honek maiz hilkortasuna ukatzen du eta jarrera positibo hutsarekin gaitzari aurre egingo diogulako ideia faltsua zabaltzen du.
Ez dut uste kontzientziazioa sustatzea txarra denik, ezta gaixotasunari ikusgarritasuna ematea ere. Hala ere, kanpaina hauetan parte hartzen duten enpresei gardentasuna eskatu beharko genieke. Lazo arrosak ez du zertan desagertu, baina agian haren esanahia berrikusi beharko genuke; bularreko minbizia izatea ez baita arrosa, marroi galanta baizik.