2024ko urrian 90 urte beteko dira Altsasuko langileria altxatu, eta Urriko Iraultza deitu izan denaren testuinguruan kaleak hartu zituenetik. Altxamendu horren laugarren egunean, 1934ko urriaren 8an, atxiloketa batzuk ekiditen ari zituenean, eta bere semea besoetan zuen bitartean, guardia zibilak Emilio Iguzkiza erail zuen.
80 urtez ahanzturan egon ondoren, Altsasu Memoriak gertakari latz eta triste hura, herrian batere ezaguna ez zena, argitara ekarri zuen 2014an, Emiliori egindako omenaldi publikoan.
90. urteurrena dela eta, Sakanako Kontseilu Sozialistatik egitarau xumea prestatu dugu Emilio Iguzkiza eta borrokan erori ziren beste guztiak omentzeko. Urriaren 11n, ostirala, 18:30ean, hitzaldia izango dugu Gure Etxean, Iosu Chueca historialari eta EHU-ko irakasle ohiarekin batera. Bertan, iraultzak Euskal Herrian eta Altsasun izandako eraginaz eta egun horietan gertatutakoaz hitz egingo dugu. Hurrengo egunean, urriaren 12an, guardia zibilarentzat ospakizun eguna den horretan, komunistok, 13:00etan, haiek eraildako Emilio Iguzkizaren memoria bizirik mantentzeko ekitaldia ospatuko dugu Gartzia Ximenez kalean, Emilioren oroigarriaren parean.
Hau horrela, Altsasuko zein Sakanako langileria hitzaldian zein omenaldian parte hartzera gonbidatzen dugu.
Emilio, gogoan zaitugu!