Sunsundegi, Altsasuko enpresarik handiena, ixteko arriskuan dago. Bertan lan egiten duten ia 400 langileak hilabete eta erdi egon dira kobratu gabe, urrian iraileko soldata jaso duten arte. Orain, ABEEan daude (ERTEan), gutxienez hiru hilerako. Eta ez gaitezen tranpan eror, ABEEa langabeziatik kobratu egiten da eta langabezia poltsa ez dutenak ez dira kobratzen ari. Gainera, gogora dezagun Sunsundegirako lan egiten duten Sakanako hainbat enpresa arazoak izaten ari direla, Azkenga enpresak langile guztiak kaleratu ditu, 40 bat, eta DelCarrek bere langileetako batzuk. Egoera larri honen aurrean ez da ezer gertatzen ari. Ez al da harrigarria? Gaur egun bizi dugun indibidualismo basati honengatik horrelako egoera mingarri batek beharko lukeen baino askoz gutxiago mugitzen gaitu. Zer gertatzen zaigu?
Asko kostatzen zaigu gure egoera pertsonala (emozionala, ekonomikoa, familiarra, soziala...) zein den partekatzea, gaur egun garatzen ditugun azaleko harremanekin. Egunerokotasunean bizi ditugun arazo gehienen jatorria egiturazkoa da, baina bakardadean bizi ditugu indibidualak direla pentsatzen. Egiturazkoak esan nahi du sistema ekonomiko eta politiko injustu batek eragindakoa direla. Ez da norbanakoaren errua. Gure ezinegonak, gure miseriak eta gure kezkak kolektiboak bihurtu behar ditugu. Horregatik, ezinbestekoa da gure artean hitz egitea, antolatzea, gure ondokoaren arazoak salatzea eta arazoei erantzun kolektibo bat ematea. Bizi ditugun arazo gehienek konponbide kolektibo bat eskatzen dute. Ez, trapu zikinak ez dira etxean garbitu behar.