Gure hildakoak, haien irabaziak

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Calleiras (MS-ko kidea) 2024ko aza. 6a, 10:33

DANAk Valentzia gogor kolpatu du, baina ez ditu bere biztanleak modu beretsuan kaltetu. Zoritxarrez, ohikoa den moduan, enpresari eta politikariek langileria heriotzara eta miseriara kondenatu dute. 

Enpresariei dagokionez, nahiz eta alerta metereologikoa indarrean egon, beraien langileak azken uneraino lanean eduki dituzte. Gutxi batzuen irabazi nahiak, langile askoren heriotza ekarri du. Gainera, lan boluntarioa supermerkatu eta merkatal guneak garbitzera bidaltzen ari dira, benetan beharrezkoak diren lekuetatik jendea kenduz.

Bestalde, politikari profesionalek, Valentziara joandako laguntza sartzea debekatu dute lehenengo egunetan. Europak bizi duen krisi ekonomikoaren zein tentsio belikoaren gorakadaren garaian, larrialdi-zerbitzu kolapsatuekin egin du topo DANAk. Gastu militarrean milioiak xahutzen diren bitartean, larrialdi zerbitzuen endekapena bizitzen ari gara, espainiar estatuko suhiltzaile eta osasun etxe desberdinek aurrera daramatzaten borrokek argi uzten duten bezala. Kasu honetan, Valentziako Larrialdien Unitatearen desegitea adibide esanguratsuena dugu. Bada, egoera hau izkutatu nahian laguntza sartzea ekidin nahi izan da, valentziar langileriak beharrezkoa zuen (duen) laguntza atzeratuz.

Kaltetutako langileei beharrezkoa duten laguntza emateaz gain, miseriara kondenatzen gaituzten politikari eta enpresariak borrokatzea ezinbestekoa da, langile klaseak ez ditzan inoiz hildakoak berriz jarri. Gure anai valentziarrek dioten moduan: "La clase treballadora només ens tenim a nosaltres mateixos".