Astebete bada Valentziatik bueltatu nintzela. Larrialdi zerbitzu bateko kide bezala bertan laguntzeko aukera izan nuen eta ez nuen bitan pentsatu. Han ikusitakoak guda eszenatoki baten antza ikaragarria zuen. Kaleak txiki-txiki eginda, zikinkeria nonahi, errepideak kolapsatuta, jendea kaletik erruz, gora eta behera…Sirena hotsak ziren atzetik aditzen zen musika doinua. Egoera katastrofikoa zen, inongo zalantzarik gabe. Larrialdi zerbitzuak izan gara protagonistak neurri handi batean, eta lan handia egin dugu. Erruz egin dugu lana. Euskal Herritik joandako suhiltzaile zerbitzuak ziren han, baina baita Espainiatik joandakoak ere, bakoitzak bere eguneko "misio" txikiarekin. Desagertutakoen bilaketa lanak edo 10 bizilagun dituen eraikin bateko garajea urez eta lokatzez hustutzea; eta lan horiek egin bitartean, egun lazgarri hartan bizitakoa kontatzen zuten bizilagunek, atzo gertatu izan balitz bezala. Psikologo lanak egitea ere egokitu zaigu.
Baina badira zarata handirik gabe lan erraldoia egin dutenak ere. Altsasuko David eta Eneko, adibidez. Batak kamioia hartuta eta besteak traktorea Valentziara jaitsi eta han zuten kontaktu bati esker lehenbiziko minututik lanean hasi ziren: autoak baztertu eta kargatu, zabor handiak jaso, kaleak garbitu… Makineria pisutsuak soilik egin ditzakeen lanak izan dira; alabaina, altsasuarrak ez dira egunkarian aterako. David eta Eneko bezalako ehunka izan dira Valentzian, eta honatx hemen nire omenalditxoa lanean izan diren gremio guztiei.
Indartuta aterako da herri valentziarra. Elkarlana hasia zen jada. Auzokideen arteko elkartasuna bizi-bizi zegoen. Herri antolakuntza inoiz baino beharrezkoa zen eta garbi geratu zaie zeinen beharrezkoak garen zerbitzu publikoak, baina are garbiago, honelako egoera batetik ateratzeko zenbat behar dugun gure ondokoa, herria alegia.