Sunsundegui ixteko arrisku larrian dago eta denbora aurrera doan heinean langile familien egoera okertzen ari da. Testuinguru honetan, Sunsundeguiko langileak asanblada baten bitartez antolatu dira eta hainbat ekintza aurrera eraman dituzte, haien artean, abenduaren 22ko manifestazio arrakastatsua. Gainera, orain arteko kontzentrazioetan ehundaka pertsona bildu dituzte. Hala ere, denondako jakina da Sunsundeguiko lantegiaren inguruko iritzi orokorra zein den. Eta iritzi hauek langileen arteko elkartasuna antolatzea zailtzen dute. Zer da langile on bat izatea? Eta langile txar bat? Zer ikuspuntutik neurtzen dugu hori?
Guztiz zeharkatuta gaude produktibitatearen kulturarengatik. Honen guztiaren irabazle argiak daude eta ez dira langileak. Enpresariek irabaziak ateratzen dituzte langileen esfortzutik. Beraien interesa da langile batek bere onena ematea, hamarreko langilea izatea. Gainera, horrek ez du bermatzen laneko eskubideak eta lanpostua mantentzea, izan ere, kapitalaren mende daude. Langile bat hamarrera heltzen ez denean berehala eta etengabe epaitzen dugu. Bizi dugun sistema kapitalista honetan, balore horiek nori egiten die mesede? Mentalitate honetatik erabakitzen dugu nork merezi duen elkartasuna eta nork ez.
Umiltasunez, gure ustez, pentsamolde honen inguruan hausnartu behar dugu. Etorkizuna iluna da, horren adibide, Sakanako eta Nafarroako egoera. Honi aurre egiteko langileen arteko elkartasuna ezinbestekoa da, hausturarik gabe.