EGIAren aldeko borroka bizi bizirik dago Euskal Herrian. Martxoaren 23aren hurbilpenak lagunduta segur asko (Nazio Batuen Erakundeak Egiaren Aldeko Nazioarteko Eguna bezala izendatuta dauka egun hau), hainbat berri esanguratsu ezagutu ditugu: Eusko Jaurlaritzak 1984an Pasaiako Badiako segadan hildako lau herritarren eta 1995ean Ertzaintzaren karga batean hildako herritarraren erailketen inguruan egindako aitortzak, GALen historia kontatzen duen dokumental baten aurkezpena Parisen, Frantziako Asanblada Nazionalean ikerketa batzorde bat irekitzeko eskaera ahalbidetuko duena; Espainiako Barne Ministro izandako Jose Barrionuevoren aurka GALen biktima izandakoak eta herri eragile ezberdinek aurkeztu duten salaketa judiziala…
Esanguratsuak izanagatik, ez dira ekimen isolatuak, martxan dauden beste ekimen andana bati gehitzen direnak baizik (Torturatuen Sarearen ekimenak, Nafarroan ematen ari diren aitortzak, Gasteizen 1976ko Martxoaren 3ko gertatutakoaren inguruko ekimena….). Ekimen horien guztien helburua argia da; Herriak dakien EGIA hori EGIA ofizial gisa aitortua izatea. EGIAren aitortza ofizial horrek justizia eta erreparazioaren bideak ibiltzeko ezinbesteko orubea finkatzen duelarik.
Duela hogeita zortzi bahitu eta erail ziguten Josu Zabala Salegiren EGIA da Euskal Herriari zor zaion egietako bat. Urte hauetan guztietan ezagutu ditugun datuak bere garaian zabaldu ziren bertsio ofizialak gezurtatzeko balio dute, baina ez dute gertatutakoa argitara ekarri. EGIA horrek izkutatua segitzen du Estatuaren estoldetan. Felipe Gonzalezen hitzetan, "demokrazia defendatzen den lekuan". Herriaren borrokak agerian uzten duena da estoldetan ez dela demokrazia defendatzen, gutxi batzuen pribilegioak eta zigorgabetasuna baizik. Larunbatean dugu hitzordua, 12:30ean Etxarri Aranazko hilerrian.