ABEEen bidez, (Sunsundeguiko) langileak itotzen

Erabiltzailearen aurpegia Saioa Arregi eta Itziar Perez 2025ko mar. 27a, 11:17

Sunsundeguiko azken berriek iradokitzen dutenez, epeak oraindik gehiago luzatuko dira. Bitartean, ez dezagun ahaztu langileek ia urte erdi daramatela ABEEan (gazteleraz, ERTE). ABEEan, langabeziatik kobratzen duzu, lan egiten metatu duzun dirua kontsumitzen, eta, hemen ere, jasotzen duzun ehunekoa jaisten doa. Apirilean, erdia kobratzera pasako dira.

 

Langileen egoera, beraz, geroz eta larriagoa da. Orduan, nori egiten dio mesede ABEEak? Beste behin ere, enpresariari, eta inolaz ere langileari. Haren bidez, enpresariak langile masa bat zain du hauek noiz erabili erabaki bitartean, komeni zaionaren arabera. Gainera, ABEEak lantegiari lotuta mantentzen ditu, konponbidearen itxaropenarekin, noiz itzuli itxoiten. Inork ez zekien eta ez daki zenbat luzatuko den Sunsundeguiko egoera. Hilabetez-hilabete joan dira epea luzatzen.

 

Langabezia poltsa lana bilatu bitartean babesteko tresna dela suposatzen da, baina ABEEak hori ere kendu egiten dizu. Askotan, hurrengo hilabetean itzuliko zaren esperantzarekin ez duzu beste enplegu bat bilatzen. Eta, orain, urte erdi ondoren, Sunsundeguirako beste jaberik agertuko ez balitz? Langileak erabateko babesgabetasunera eraman dituzte. Itxarotera eta langabezia kontsumitzera behartu dituzte.

 

Hori guztia gutxi balitz, kapitalisten tranpa berri honek desmobilizaziora bultzatzen ditu langileak. Zalapartarik ez sortzeko eskatzen zaie, sinistarazten zaie bakarrik horrela agertuko dela burges inbertitzaile bat. Langile antolakuntza zailtzeko helburuarekin ere, beldurrarekin jokatzen dute, mugitu direnak kalean geldituko diren mehatxua ere baitago. Argi dugu enpresariek irabaziak lortzeko langileen bizitzekin jolasten dutela eta jabegotzan duten guztia langileek ekoiztutakoa dela. Horregatik ozen oihukatuko dugu, zuen aberastasunak, gure miseriak!