153.600€

Erabiltzailearen aurpegia Kai Karasatorre Martinez (Aske antolakundearen izenean) 2025ko api. 7a, 08:20

Hori da Eusko Jaurlaritzak, pasa den 2023ko abenduaren 30ean Zaballako espetxean Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteagatik eta Amnistia osoa aldarrikatzeagatik 128 pertsonari ezarritako isuna, 12 sakandar tarteko.

Hori gutxi balitz, heriotza mehatxuak, ukipenak, grabaketak eta kolpeak pairatu behar izan genituen Ertzaintzaren partetik. Eta orain, 128 pertsona hauen isunen helegiteak jarri ondoren, helegiteok ukatuak izan direla jakinarazi digute.

Dena den, ez da harritzekoa, helegitearen baiezkoa edo ezezkoa onartzea Ertzaintzari dagokiola ulertuta. Izan ere, Mozal Legeak berak militantzia politikoa suntsitzeko eta poliziaren inpunitate osoa mantentzeko espainiar estatuak daukan estrategia zikina da.

Hortaz, kasu hau ezin dugu modu isolatuan ulertu, espainiar estatuak zein Eusko Jaurlaritzak darabilten tresna errepresibo gisa ulertu behar baitugu. Isun jasanezinen bitartez, antolakunde politikoen jarduna anulatzeko helburua dute. Gainera, errepresio forma honen xedea da, zuzeneko jazarpen edo biolentzia fisikoa baliatu gabe ere, antolakunde politikoen jarduna baldintzatzea.

Beraz, honen aurrean antolatzea dagokigu, sistematikoki aplikatzen ari diren errepresio forma honi aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak sortuz eta hauen salaketa zein intentzionalitatea agerian jarriz.

Gauzak horrela, dei egiten dugu apirilaren 5ean Olaztiko Maisuenea gaztetxean egingo den tekno gauera bertaratzera, baita hurrengo egunetan egiten jarraituko dugun elkartasun egunetan parte hartzera ere. Antolakuntzaren eta borrokaren hautua eginda lortuko baitugu soilik Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa.