Dantzalekuko Ondarea

Erabiltzailearen aurpegia Ane Miren Iruretagoiena 2025ko api. 28a, 08:20

Gure arbasoek zerbait bazuten, denbora zen, eta gauzak urte askotara begira egiten zituzten, Dantzalekuko basoa horren adibide. Gure gizaldiak, ordea, momentuan momentukoa. Panelak jarri, une batez txukundu, eta ahaztu, betiko balitz bezala, bera bakarrik mantenduko delakoan.

Aste Santu honetan mila tokitan egon izango gara, bata bestea baino zainduagoa eta dotorea, baina gutxi gurea baino interesgarriagoa.

Dantzalekuko basoak gure jendeari buruz hitz egiten du, gure ondarea azaltzen du eta gure eskualdearen ezaugarria da. Kanpotarrak etorri behar dira baso hori balioan jartzeko, etxekook baloratzen ez dugulako?

Nora begira gaude baso hori hondatzen uzteko? Inoiz ez da oso jasoa egon baina oraingo egoera tamalgarria da, hil edo bizikoa, hezetasunak eta haizeak eraginda. Baso bat leku bizi bat da, eraldatzen dena, txukun egoteko urtez urteko mantenua behar duena. Jakingo ote dugu jasotako ondarea gure ondorengoei pasatzen?