Pello Mariñelarena Imaz etxarriarra Pariseko espetxe batean hil zen 1993. urteko maiatzaren 15ean. Salbuespenean oinarritutako espetxe politikaren ondorioz hil zen. 1981. urtetik 2020. urtera, espetxe politikak hogei preso eta hamasei senitartekoren bizitzak eraman ditu aurretik. Hogeita hamasei euskal herritarren bizitzak.
Zer da salbuespena? Beraien burua Zuzenbide Estatutzat duten Estatu batzuek erabakitzen dute herritar multzo bat funtsezkoak diren eta legean jasoak dauden eskubide sorta bat gabe uztea, helburu politiko batzuk lortzeko. Euskal gatazkaren testuinguruan hainbat "salbuespeneko" politika aplikatu ditu Espainiak, Frantziaren konplizitatearekin. Besteak beste, atxilotuen inkomunikazio eta tortura sistematikoak, militanteen exekuzio estrajudizialak, alderdi politiko eta eragile sozialen legez kanporatzeak…. eta espetxe politika. Zein helbururekin? Errelatu "ofizialak" esanen du borroka armatuak "behartu" duela Estatua salbuespeneko politikak egitera. Demokratikoa izan nahi duen Estatu baten zilegitasuna bera eskubideen aitortza unibertsal eta salbuespenik gabekoan dagoenean.
Baina borroka armatuarena aitzakia merkea izateaz aparte, gezurra ere bada. Euskal Herrian salbuespen politikak aplikatzen ziren ETA sortu aurretik, eta aplikatzen dira ETA desagertu ondoren ere. Espetxe Politika kasu. Horren adibide gertukoena dugu Pelloren lagun mina zen Juan Ramon Karasatorrek bizi duen egoera. 24 urte preso, oraindik erregimen itxian, oraindik Frantzian bete duen zigorraren zatia aitortua izan gabe. Salbuespen politikarik ezean, kalean behar luke Juan Ramonek.
Pello eta Juan Ramon izanen ditugu gogoan larunbatean Etxarri Aranatzen. Independentismoa garaitzea helburu duen salbuespenai, akillube!!