gutuna

Gora San Fermin: ez dira eraso sexistarik onartzen

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Carrillo Juanbeltz 2025eko uztailaren 29a

Beste urte batez, San Ferminak gure artean. Aurten ere, hainbat sexu eraso (kontatzen ausartzen diren apurrak). Beste urte batez, non buru erokeria simulaturik, erasoak gertatzen jarraitzen dutelako harritzen gara. Gizarte gisa zerbait desberdina egin al dugu gauzak alda daitezen? Prebentzio lanari ekin al diogu ala gaueko aisialdi gune atseginagoak eraikitzera bideratutako lanen bat egin al dugu? Inor ausartu al da horri peñetan heltzen, elkarteetan, koadriletan, ikastetxeetan? Eta esparru antipunitibista batetik ekiteaz ari naiz, gure harremanetan eta gizartea eraikitzeko moduan zuzenean esku hartuko litzakeen esparru batetik noski.

Mundu matxista, arrazista, kapitalista, gordofobo, kapazitista, homofobo eta abar luze batean bizi gara, normaltasun oso zehatz baten pean jarduten duten arau batzuen ondorioz, pertsona gehienak kanpoan uzten dituztenak moduren batean edo bestean. Honekin ados ez dagoenari, jendearen errealitate desberdinak galdetu eta entzutera animatzen dut. Esaten nuenarekin jarraituz, arau eragile horiek, zeinetan parte hartzen dugun, ordena sozial oso zehatza mantentzen dute, eta, beraz, gainerakoekin harremanetan jartzeko modu zehatz bat, honek indarkeria zaintzaile duelarik. Indarkeria horrek baimen sozial handia jasotzen du ezarritako ordena babestu ahal izateko. Bai, bortizkeria gure eskutik dabil gura artean. Oraindik ere pentsatzen al dugu, hiri eta herrien sarreran kartel batzuk jartzeagatik, kaltea eginda dagoenean zigortzen duten lege geroz eta gehiago egiteagatik, salaketa jartzeagatik edo feminista izateagatik, erasoak desagertu egingo direla? Ez dezagun nahastu bortizkeriaren ikusaraztea gauzak aldatzearekin. Indarkeria ikusarazi eta identifikatzea beharrezkoa da, eta gero eta argiago dakigu hori egiten, indarkeria jasaten dugunok behintzat. Baina bitartean, zer egiten dugu gizarte gisa gertakari horien aurrean? Zerbait egingo al dugu gertatu aurretik? Are gehiago errepikatzen direnean eta iragartzeko modukoak direnean. Bestalde, zer egingo dugu behin gertatu direnean? Egiten dugun hori baliagarria izaten ari da konpontzeko edo gauzak aldatzeko? Noizko maskulinitatearen eta boterearen eraikuntza sozialari buruzko lan sozialki arduratsua?

Alde batetik, interesgarria litzateke ikustea zer ezaugarrik osatzen duten gizarteak moldea eskaintzen dion gizontasunak. Agian pentsatu beharko genuke zein jokabide saritzen ditugun, gizonekin nola erlazionatzen garen eta zer espero dugun haiengandik eta haien gorputzengandik. Nire ustez, mutil taldeekin lan egiteko aukera beharrezkoa da planteamendu kritiko eta hezitzaile batetik, epaietatik alde eginez, ordea. Norberaren gorputzarekin eta emakumeon gorputzarekin harremanak izateko modua hobetzeko bidean. Premiazkoa da gizonekin lan emozionala egitea hauek sentitzen hasteko, ahultasunetatik eta maitasunetatik abiatuta, eskoletatik, familietatik eta kolektibo edo elkarteetatik hasita. Gainera, gatazkak errespetuz eta adeitasunez konpontzea sustatzen duten guneak beharrezkoak dira, bitartekaritza eta konponketa lekuak, pertsonok egiten dugun kalteaz eta kaltea konpontzeaz arduratu ahal izateko. Gizartea eraikitzen ikasteko guneak, azken batean. Horrek guztiak esan nahiko luke erasotzailearen figura ez dela harrikatzailea, ez eta munstroa ere. Deseraiki behar dela, gizarte-erantzukizunetik abiatuta eraiki ez dadin, figura horren gaur egungo iruditeriatik oso urrun.

Bestetik, gizarte-ikaskuntza jakin baten ondoren, emakume gisa dugun lekua birplanteatu beharko genuke, eta ikasketa horretan bat egiten duten harreman ereduak aztertu. Zoragarria litzateke emakumeok elkarrekiko maitasunetik eta ahalduntzetik rol eta identitate libreagoak baliozkotzeko sareak eraiki ahal izatea. Bestalde, Biktimei ematen zaien arretari buruz hitz egiteagatik, erreparaziorako guneak izan beharrean, egoera gehienetan berriro biktimizatzen eta atzera egiten dute. Agian biktima beste ikuspegi batetik aztertzen hastea dagokigu. Guzti honekin, biktima iragankorreko sujetu bat eraikiko genuke, errurik gabe berriro bizitzeko eta gozatzeko gaitasunarekin, desira eta kapazitate pertsonalak dituena.

Nire irudiz, asko daukagu egiteko. Genero indarkeriari (beste indarkeria batzuen artean) leku eraginkorrago eta konpontzaileago batetik ekiteko beharrezkoa den aldaketaren erantzule gara. Horretarako, beharbada, identitate-muga asko eta haien arteko harreman dinamika asko desegin beharko genituzke, mundu atseginagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko bidean. Zalantzan jarri beharko genuke, beraz, gizartea benetan prest ote dagoen eskatzen duen aldaketa hori hasteko. Prest ote gauden.