gutuna

Faxismoari aurre egitearen beharraz

Erabiltzailearen aurpegia manex alegria 2025eko azaroaren 17a

Urriaren 12ak eta Vito Quilesen deialdiak eztabaidan jarri dute faxismoaren aurkako erantzuna, horren baitan ezberdinak izan dira agertutako iritziak, baina bereziki, hedabideetan erantzun zuzenaren aurkako jarrera bat nagusitu da, faxistak eta antifaxistak berdintzeraino iritsiz. Haiek oso erraz diote biolentziaren aurka daudela, ez bakezaleak izateagatik, baizik eta beste batzuk direlako haien ideiak biolentziaren bitartez defendatzen dituztenak (polizia, Desokupa, eskuadristak).

Vitok ez ditu bere ideiak aurrez aurre defendatu behar, horretarako badauka polizia, eta lasai, polizia ez bada iristen, bertan egongo dira eskuadristak, inpunitate osoz indarkeria zabaltzen. Hemen eztabaidagai dagoena ez da biolentzia forma abstraktuan, baizik eta langile klasearen autodefentsa antolatua. Izan ere, biolentzia eguneroko ogia da gizarte kapitalistan: etxegabetzeak, prozesu migratzaileak, lan-heriotzak, polizia, gerra inperialista… akaso guzti horiek ez dira biolentoak? Haiek aparatu militar, polizial eta judizial profesional bat dute, ondo egituratua eta antolatua, indarkeriaren bitartez "ordena" mantentzeko. 

Faxismoa benetako arazoa da langile klasearentzat, eta batez ere, kolektibo zaurgarrienentzat. Ez da gutxietsi behar haien arriskua, ez zaio utzi behar haren diskurtsoa normalizatzeari; hasieratik egin behar zaie aurre. Bestela, indarra hartuko dute eta berandu izango da, damutzea besterik ez zaigu geldituko. Faxismoaren aurkako klase autodefentsa legitimoa da!