Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 50. urteurrenean, EH BILDU-k
"Euskal Herria askatasun haizea" dinamika politiko berri bat abian jarri du. Hau, testuinguru ezegonkor batean garatuko da.
Ezin begi bistatik galdu, Israel Palestinaren genozidioa burutzen ari dela. Ezin ahaztu, ultraeskuinaren agenda autoritario eta antidemokratikoa. Aldi berean, frantziar eta espainiar estatuetan krisi politikoak egonik, eta Aznarrek 2024an «Egin dezakeenak egin dezala» esan zuenetik, estatu operazio bat abian da estatuaren gutxieneko agenda sozial, demokratizatzaile eta plurinazionala gauzatzeko aukera guztiak hankaz gora jarri eta aukera leiho ezberdinak ixteko. Funtsean, duela 50 urte eta orain, arazoa bera baita, espainiar nazionalismoa eta beraiek kosta ahala kosta inposatu nahi duten batasun nazionala.
«Txarrenari onena»: herri honek jauzi politiko bat emateko aukerak ditu nazio auzian, gatazkaren ondorioen behin betiko konponbidean, bai eta langile eta herritarren interesen zerbitzura jardungo duten instituzio guztietan. Bestela esanda, orduko borroka antifaxistan berretsirik, frankisten ondarea hautsiko duen sakoneko demokratizazio prozesua gauzatzeko bokazioa dugu, Euskal Errepublika aske eta berdinzale baten aldarrikapena bizirik mantenduz.
Herri honek erronka handiei aurre egin die eta egingo die; horretarako, udaletxe eta instituzioetako gure jardun konprometituaz gain, herrigintzan eta kalean ere gure ekarpena biderkatzea ezinbestekoa da. Izan ere, herri honen oraina nekez uler daiteke azken urteetan eman diren hainbat eta hainbat borroka kontutan izan gabe.
Konpromisoa eta kemena, inplikazioa eta esperantza. Etorkizuneko bidea elkarrekin egitea da herri hau biziberritzeko modu bakarra. Elkarlanean, elkarrizketan, entzuteari dagokion garrantzia emanez. Horregatik, EH BILDU-ko kideok, azaroaren 22an, Bilbo zeharkatuko duen “Askatasun haizea” mobilizazio nazionalean parte hartzeko gonbita luzatu nahi dugu.