gutuna

Pediatra eta erdi

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Vizuete Askargorta (Olaztiko Alkatea), Javier Ollo Martinez (Altsasuko Alkatea) eta Olatz Irizar Martinez (Ziordiko Alkatea) 2025eko abenduaren 15a

Ikasturte berriarekin batera, gure Osasun eskualdeko guraso batzuk Pediatra 1,5 plataforma eratu dute. Beraien helburua: gure osasun eskualdeari dagokion 1,5 pediatra bermatzea.

Gaur egun 1.200 haur daude gure Osasun eskualdean, eta Osasun Departamentuak ezarritakoa ratioen arabera horiek artatzeko pediatra bat jardunaldi osoan eta beste bat jardunaldi erdian behar dira.

Azken hilabeteetan ez dago horrelakorik Altsasuko pediatrian. Pediatra bat jardunaldi osoan dago eta jardunaldi erdian beharko lukeena lan murrizketan dago. Hori dela eta, gaur egun, egunero pediatra bat dator Altsasura, eta hamabostean behin, egun batean, bestea.

Zerbitzuaren murrizketa hori dela eta, hainbat arazo ari dira sortzen pediatria zerbitzuan, batez ere, urteko errebisioak egiteko itxaron zerrenda luzeak sortzea.

Egoera ez da berria, eta zoritxarrez, Altsasu, Olazti eta Ziordiko Udaletatik behin baino gehiagotan jaso izan ditugu Osasun eskualdean egondako pertsonal faltarengatik kexak: gaur pediatra zerbitzua da, duela bi urte mediku falta… Gure herritarren osasun zerbitzuak modu duinean eman daitezen eskatzeko egindako ekimenak ez dira gutxi.

Izan ere, arazoaren oinarrian landa gunean dagoen osasun zerbitzua da. Landa eremura medikuak edo pediatrak etortzea ez omen da erraza, hala dio Departamentuak. Horregatik, zaila izaten da murrizketak, bajak edota oporrak ordezkatzea. Hori esan digute oraingoan ere. Egiturazko arazo baten aurrean gaude, beraz. Guk, landa eremuko alkate moduan, osasun zerbitzuak modu duinean eskaintzea eskatzen dugu. Eta Osasun Departamentuari eskaera zehatza egiten diogu: Altsasuko Osasun Etxeari dagokion pediatra eta erdi hori bermatzea, eta horretarako beharrezkoak diren prozedurak jar ditzan. Izan ere, gure herriko haurrak ez dira landa gunean Osasun zerbitzuan dauden arazoen errudunak.

Guk gure esku dagoena egingo dugu guraso plataforma honek eskatzen dituen oinarrizko eskubide horien defentsan.