gutuna

Irurtzungo liburutegi publikoa

Erabiltzailearen aurpegia Zigor Jaso Ruiz, Irurtzungo bizilaguna 2025eko abenduaren 15a

Irurtzun eta inguruko bailaretako herritar askok ongi dakiten moduan, badira zenbait aste Irurtzungo liburutegi publikoa ateak itxita dagoela, bertan lan egiten duen langile bakarra aita izateagatik dagokion baimenaz disfrutatzen ari baita.

Ez da errekurtso hau tarte luze batez itxita ematen duen lehendabiziko aldia, eta liburutegiko erabiltzaile asko kezkaz, amorruz eta etsipenez bizi dugu egoera hau. Liburu, disko edota DVD mailegua eskaintzeaz harago, Irurtzungo Liburutegi Publikoak eskaintzen baitu lasaitasun giro batean ikasteko tokia, hilabete hotzenetan eman daitezkeen eguraldi makurreko egun horietan haurrekin egoteko espazioa… Kultur eta jatorri ezberdinetako pertsonen arteko elkargune era bada, eta baliabide ekonomiko urriko herritar askoren kulturarako sarbidea ere bermatzen du. Badakigu gutxienez Nafarroako beste dozena erdi herritan eta antzeko arrazoiengatik beste zenbait liburutegi publiko itxita daudela, hortaz, Irurtzungoa ez da kasu bakarra. Axolagabekeria erakusten du errealitate honek. Nafarroako Gobernuko ardurapean dagoen Irurtzun aldeko kultur espazio publiko nagusia itxita dago eta horrela jarraituko du beste zenbait astez dagokionak neurririk hartzen ez badu. Kultura, Kirola eta Turismo sailak, alde batetik, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusia, bestetik, dira langilea lehendabiziko egunetik ordezkatu eta denok ordaintzen dugun errekurtsoaren zabaltzea bermatu behar dutenak. Ezagutzara dugun eskubidea ezin du kontratazio zerrendak kudeatzeko modu eskas batek baldintzatua izan, eta errekurtsoaren irekiera bermatu behar duten horiei exijitu nahi diegu modu urgente batean zabal dezatela berriro gure herriko liburutegi publikoa. Ez gara besoak gurutzatuta egongo.