Urte asko dira. Handia da sufrimendua, eta handia ere hainbat hamarkadetako konfrontazioan gertaturiko guztia ez ahazteko gizarte eta herri gisa dugun beharra; baita sufrimendu hori guztia errespetatuz aurrera egiteko beharra ere, gure historiaren aldi bat ixteko borondatearekin.
Biktimen atsekabeak errespetu eta errekonozimendua merezi du. Haien sufrimendua ezin da erlatibizatu ez politikoki erabili interes faltsuengatik, eta haien oroitzapenek etika publiko partekatuaren funtsezko zatia izan behar dute.
Botere legegile, judizial eta politikoek iraganean kokatzen jarraitu nahi gaituzte, gaur egun bizi garen egoerarekin zerikusirik ez duten garaietan onarturiko legedi eta jarrera judizialen bitartez. Eta guk aski dela esaten diegu. Ezin dela gehiago luzatu.
Hainbat sektore politiko eta mediatikotik ere, honelako zerbait entzuten ari gara behin eta berriz: “… lehen 700 preso zegoen eta orain 120 besterik ez”. Egia da horrenbeste preso egon zirela eta gehiago ere, baina egia ere bada atera diren gehien-gehienak auzitegiek ezarritako kondena osorik beteta atera direla.
Gaur egun, kartzeletan gelditzen diren 120 preso inguru horietatik gehienak erregimen irekian egon zitezkeen. Horietako batzuk espetxeko bigarren graduan daude, beste batzuek 100.2 artikulua aplikatuta dute, baina haietako askok 25 urte baino gehiago daramatzate kartzelan, ez baitiete oraindik aplikatu dagokien eskubide bat: espetxe-baimenak, irteera programatuak edo progresioa hirugarren gradura.
Gauzak horrela, adinekoak eta gazteak, gizonak eta emakumeak, atxikipen ideologiko desberdinak alde batera utzita, demokratikoki erantzutera deituta gaude Bilboko kaleetan, urtarrilaren 10ean; izan ere, guztion ahalegin partekatuak bakarrik lagunduko digu giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza lortzen.
SARE herritar saretik, zeregin horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure gizartearen etorkizuna ezin baitaiteke soilik izan indarkeriarik eza, baizik eta enpatiaren, justiziaren eta elkartasunaren presentzia aktiboa.