Altsasuko Aita Barandiaran adinduen egoitzako langileok pairatzen ditugu lan prekarietate baldintzak, jasaten dugun estres maila eta bizi dugun egoera zaurgarria salatu nahi dugu. Bizi dugun egoerarekin nazkatuta gaude.
Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan lan eginez, jaiegunak barne, gure soldata ez da hilean 1.350 eurora ere iristen, eta hori kasurik onenean.
Egutegia koadratu ahal izateko urtean 240 ordu gehiago lan egiten ditugu. Aparteko ordu horiek ez dira ordaintzen, ez ekonomikoki, ez opor edo atseden egunekin. Eta are okerrago, 2025ean, behin baino gehiagotan, gure atseden-egunetan lanera joan behar izan dugu, udalaren aurreikuspen faltagatik, ez baitu inoiz lan-poltsarik egin eta ez baitu zentroan lan egin nahi edo ahal duen pertsonarik aurkitzen. Zergatik ote?
Aurreikuspen faltaz ari garela, une honetan egoitzak ez du mantentze lanposturik, 30 urtez bete duen pertsonak erretiroa hartu duelako. Horren berri aspaldi izanik ere, nola liteke udalak plaza huts hori betetzeko deialdirik egin ez izana, eta orain egin behar izatea?
Plantilla osatzen dugun langile kopurua hain txikia denez, puntako orduetan jasaten dugun estres maila jasanezina da. Horrek eragina du gure aldartean, eta nazkatuta sentiarazten gaitu.
Zaintzaileen plantilla, teknikari soziosanitarioek plantillak bost pertsonarekin osatzen ditugu, goizeko eta arratsaldeko txandetan, eta bi gaueko txandetan. Erakundeek etengabe adierazten dute zentro geriatrikoek arreta integraleko zerbitzua eskaini behar dietela erabiltzaileei, ahalik eta kalitate-mailarik handiena lortzeko. Noski, helburu horrekin bat egiten dugu, eta ahal dugun neurrian betetzen saiatzen gara.
Baina, benetan sinesten al dute erakundeek plantilla horiekin aipatutako helburua bateragarria dela?
Azkenik, azpimarratu nahi dugu senide gehienen babesa izan arren, batzuetan irainak eta mehatxuak jaso ditugula. Salatzera joan garenean, jasotako erantzuna da: "izan pazientzia". Hori dela eta, kasu horietan ere ahul edo zaurgarri sentitzen gara.