M17ko Greba Orokorra: kapitalisten irabaziak gureganatu

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Perez eta Manex Insausti 2026ko martxoaren 11

Martxoaren 17an greba orokorra deitu da eta haren testuingurua gure eskualdera, Sakanara, ekarri nahi dugu. Zein da Sakanako egoera? Honen erantzuna argia da, txarra. Aurreko urtean Sunsundegui itxi zen, Sakanako lantokirik handiena, ia 400 langile zituena itxiera hasi zenean. Honen atzetik beste hainbat enpresetan ere kaleratzeak  etorri ziren, Azkenga, Tapiceria Delcar, eta abar. 

Sakanatik kanpo ere nabaria da krisi garaia. Alde batetik, soldaten aurkako erasoa geroz eta lan baldintza okerragoetara kondenatzen gaitu. Bestalde, begi bistakoa da bizitzaren garestitzea, etxebizitzan, elikaduran, garraioan edota energian. Honekin batera ere bizi dugun oinarrizko zerbitzuen kalitate galera ezin dugu ahaztu, izan hezkuntzan edo osasungintzan. Finean, langileon baldintzak okertzen dira eta hau gehien sufritzen dutenak sektore proletarizatuenak dira, horregatik, bizi baldintzen okertze orokortuaren aurrean ezinbestekoa deritzogu langile klasearen borroka hedatzea.

Baina krisi honen oinarrian dagoena da gure ustez salatu beharrekoa, hau da, krisia bera kapitalistek euren irabaziak handitzeko baliatzen dutela, langile klasearen lan eta bizi baldintzak okertuz. Azken urteetan aberatsak geroz eta aberatsago egin dira langileok pobreago egitearen truke. Hartara, langileon lan eta bizi baldintzen hobetzea irabazi kapitalistak gureganatuz bakarrik lor daiteke. Alegia, ezinbestekoa da bizi eta lan baldintza duinak lortzeko sistema kapitalista gainditzearen beharrezkotasuna mahai gainean jarri eta klase borrokaren ezinbesteko izaera antikapitalista nabarmentzea.

Kapitalismoak sortutako miseriazko baldintzak borrokatzeko beharraren aurrean, dei egiten dugu martxoaren 17an 11:30ean CGTk, CNTk, Solidarik eta EHKSek Iruñeako Errekoleten plazan antolatu den manifestaldira.