Libratuko hintzelakoan, baina ez Balda… bost urte pasa dituk eta hemen gaudek hik utzitako hutsune harri buelta eman nahian oraindik. Izan ere, zenbat borroka kabitzen zituan hik utzitako hutsune puska hartan!
Beti lanerako prest, beti emateko prest! Hala hintzen. Txarrenari ere onena ateraz. Egoera zailetan indarra eta kuraia. Beti aurrera. Lepoan hartu eta segi aurrera! -Etzakela palmaditaik espiatu! - Hire koletilla.
Bost urte geroago, Balda, urrats garrantzitsuak emanda gaudek hemen. Urrunketaren amaierarekin hasiak geundean duela bost urte. Hasiak zituan euskal preso batzuk Euskal Herriratzen. Bukatu huen aro luze eta gogor hura. Zigorra betetzen ari diren bi sakandarrak, bata espetxera itzuli beharrik gabe, eta bestea astez, egunero kalera irtenaz ari dituk askatasuna usaintzen. Begitandu zezakeagu, preso, iheslari eta deportaturik gabeko Sakana. Aro luze baten amaiera bertan diagu. Erraz esaten duk, ezta? Makina bat ahalegin, maitasun, elkartasun eta borrokaren ondoren etorri duk, eta hik eta hire antzera, beste hainbatek, baduzue horren meriturik, zalantzarik gabe. Beraz, palmaditak zientoka zuentzat!
Hala ere, arrazoia emango didak! Hau ez duk bukatu! Azken txanpa falta duk. Eta egin behar diagu. Bai. Ari gaituk. Lortuko diagu. Zuengatik eta guregatik, noski!
Jakin ezak, aurten ere hitzordua jarria dugula. Urtero bezala, hire lagun eta kideak elkartuko gaituk, hi oroitu eta hire alde topa egiteko. Bidean geratu zareten guztiengatik, bidea argiztatzen diguzuen guztiengatik, gora kopak!
Eta ojo cuidau! Hagoen lekutik zaindu Sakana eta zaindu Euskal Herria. Jarraitu gure bazterrak argiztatzen, gure bidean, askatasunaren bidean!