Martxoak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Josu Rubio Mendiluze (Sakana Harrera Harana Elkartearen izenean) 2026ko martxoaren 23a

Ez dira garai onak lasai egoteko, atzerakoiak gero eta ausartago dabiltzalako, eta are gehiago, sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta patriarkal batean irensten gaituelako, gure bizitzetan gorrotoa, zaurgarritasuna eta desberdintasun soziala iraunarazten duten ekintza eta politiketan oinarritzen den sistema.

Horregatik, aurrerapauso bat eman behar dugu, eta arrazakeriaren aurka posizionatu, bere adierazpen guztietan zalantzan jarriz, hala nola faxismoan edo inperialismoan.

Gerrako jauntxo nazkagarrien aurka borrokatzeari ezin diogu utzi, herrialdeak sarraskitzeko arrazoiak ere ez baitituzte disimulatzen: petrolio madarikatua. Pedofilo batek eta genozida batek mundu beldurgarri batera garamatzate, non bizitza batek balak edo hura kentzen duen bonbak baino gutxiago balio duen.

Orain 40 urte bete dira NATOren aurkako erreferendumean Euskal Herriko gehiengoak EZ bozkatu zuela eta norbaitek jakin ez bazuen ere, zuzenean ari gara bizitzen haren eragina, inperialismo kapitalista yankiaren beso armatua baino ez baita. Bitartean, Europak ipurdia miazkatzen dio.

Ezin dugu beste alde batera begiratu Palestinan, Sudanen, Ukrainan, Kongon, Iranen, Libanon eta abarretan gerrak elikatzen jarraitzen duten bitartean. Edo herrialdeak blokeatzea, gosearekin eta miseriarekin menderatzeko, Kubarekin edo Venezuelarekin edo duintasunez bizi nahi duen edozein herrialderekin egiten ari diren bezala. Gerrek aberatsei bakarrik egiten diete mesede, langile klaseak eskrupulurik gabeko jendaila honen ondorioak ordaintzen dituen bitartean. Gainera, mundu librearen zaindariak deitzen diote bere buruari.

Horregatik, hau guztia salatzeko, martxoak 20, ostirala, 19:00etan Altsasuko Udaletxe aurrean elkarretaratze batera dei egiten dugu. Eta ozenki esango diegu: arrazakeriari ez, faxismoari ez, gerrarik ez!