Sionismoaren olatuaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Telmo Zulaika 2026ko apirilaren 20a

Denok dugu gogoan orain dela sei hilabete Israelgo armadak nazioarteko uretan ehunka ekintzaile atxilotu zituen unea eta horrek Euskal Herrian bertan eta haratago eragin zituen mobilizazioak. Hala, Nakba egunaren urteurrenerako hilabete bat falta denean Global Sumud Flotillak berriro ere Gazaranzko bidea hartu du. Misioak 70 ontziko mobilizazio masibo bat du, eta elikagaiak, botikak eta eskola materiala garraiatzen ditu korridore humanitario bat irekitzeko eta Israelgo Estatuak egiten jarraitzen duen genozidioaren ondorioz gazatarrek pairatzen duten hondamendia arintzeko. Israelgo Estatuak Palestinako lurralde uretan Europako potentzien eta eskualdeko herrialdeen arteko adostasunarekin legez kanpo mantentzen duen itsas hesia hausten saiatuko da.

Oraingoan, ekintzaileen artean bi sakandarrek hartuko dute parte. Gertatu daitezkeenak aurreratzen zailak diren arren, misio honek dituen aurrekariak ikusirik ekintzaile ororen egoerarekiko kezka eta ezinegonak sortuko dira Israelgo armadak egin ditzakeenaren zain.

Honek kontzientziazio politikorako bitarteko izan behar du, batez ere Israelen eta bere konplizeen kontrako presioa egiteko. Palestinar herriarekiko elkartasuna ehundu eta honen askatasuna lortzeko ezinbestekoa da Israelgo estatua ekuazioan sartzea, honen izaera kolonialista eta bloke inperialisten erreminta eraginkor gisa salatuz.

Estatu Batuek eta Israelek, Libano eta Iranen aurka darabilten erasoaldiek ke pantaila efektua sortzeko arriskua dute Palestinar herriaren aurkako okupazio eta genozidioan gehiago sakontzen duten bitartean. Sarraskia oharkabean areagotzeko baldintzak badaude, eta hori ekintzaileen aurka ere baliatu dezakete.

Bada, Palestinar herriaren askatasuna jomugan duen indar eraginkor bat sortzeko premia dago, alegia, Israelgo estatuaren eta bere ideologiaren, sionismoaren, suntsiketa efektibo bihurtu dezakeena.