Sakanako Etxera Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Aldasoro Jauregi (Etxera Eguneko lan taldearen izenean) 2026ko apirilaren 20a

Popi eta Unai kalea zapaltzen. Luis espetxera bueltatu beharrik gabe zigorra kalean betetzen. Boltio etxean. Espetxe politikan, Espainiako legean, epaileen artean arrakalak irekitzeaz hitz egiten genuen duela lau, hiru, bi urte. Ari gara. Eguneroko lanek, mobilizazioek, diru bilketek, kontzentrazioek, bazkide kanpainek, manifestazioek, epaitegietako eskaerek, errekurtsoek, txoznetako txandek… tenkor bezain paziente izateak ekarri ditu preso etxarriarrak etxeko atariraino. Orain, azken txanpan, sukalderaino. Hurrengo asteburuan horretan arituko gara Etxarrira hurbiltzen garenok: gaztetxean, frontoian eta herriko plazan. Aldarrikapena, elkartasuna, festa, alaitasuna.

Hala ere, ez gara nahi bezain indartsuak, nahi bezain azkarrak. Salbuespenezko espetxe politikak indarrean jarraitzen du. Oso sinplea da: ez dituzte legeak bete nahi eta boterea daukate euskal preso politikoen eskubideak urratzeko eta presoak preso atxikitzen jarraitzeko, bigarren gradutik hirugarren gradura pasatzera eragozteko, baimenak ukatzeko, hirugarren gradua kendu eta berriz ere bigarrena ezartzeko, erredentzioak (hots, kartzelan pasatzen duzun egun bakoitzarengatik kentzen dizkizuten zigor zatia) nahi bezala aplikatzeko edo ez aplikatzeko, Europako lege eta aginduak hankapetik pasatzeko. Boterea edukitzea zer den! Ezer berria, beti bezain mingarria. Otsoa beti otso.

Ehunka ez, baina hamarnaka dira kalean, etxeko atarian egon beharko luketen euskal presoak, legea zintzotasunez aplikatuz gero, haietako asko salda beroa kozinatzen. Bada, eskubide urraketatik atera behar ditugu, sufrimendutik goxotasunera ekarri, ziegatik sutondora. Etxarrin, apirilaren hogeita lau eta hogeita bostean, Sakanako Etxera Eguna.