"Itoko duzuen ahotsa ahaltsuagoa izango da etorkizunean nik orain esan ditzakedan hitz guztiak baino". Hitz hauek Chicagoko martirietako Spiesek oihukatu zizkion bere borreroari. Langileriaren Nazioarteko Eguna maiatzaren lehenean ospatzen da Estatu Batuetan 1886an hasitako protesta egunen oroigarri gisa, milaka langilek lanaldia zortzi ordura murriztea eskatu zutenean. Gaur, mundu osoko milioika langilek Chicagoko martirien eta haien ondorengo guztien lekukoa hartu dute.
Maiatzaren lehena gainean dugu eta egungo egoera ez da erraza. Ameriketako Estatu Batuak eta Israel buru dituen Mendebaldeko oligarkia mundu erdia txikitzen ari da, adibidetzat Kubako blokeo egoeragatik dauden hildakoak edota Ekialde Hurbileko gerra eta genozidioak ditugu. Beste erdia krisialdian sartzen dabil, erregaiaren prezioaren gorakada honen adibide izanik. Langileriaren pobretzea, gerra eta heriotza, hiruek laburbil dezakete gaur egun jasaten eta albisteetan ikusten ditugunak. Hiruak oligarkiaren interesak defendatzeko beharrezkoak dira, alegia, langileriaren proiektu ez direnak hauspotzeko.
Aski ezagunak ditugun bizitzaren garestitzea edota lan kaleratzeak eskalada belikoarekin batera gora egingo lukete, hau da, krisi testuingurua areagotuko litzateke gerra inperialistak gora egitekotan. Indarrak batu eta gerra inperialistaren aurka egiteko momentua den honetan Maiatzaren lehena langileria nazioartean egituratzen jarraitzeko aurrerapausoa izan dadila.
Egungo gerra inperialistaren aurka egitea ofentsibaren parte den NATO, mendebaldeko oligarkiaren aparatu militarra desegitea eta sionismoaren proiektu suntsitzaile eta gerrazalea suntsitzea ere bada. Horregatik, EHKS-k maiatzaren lehenean Iruñean deitutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzea ezinbestekoa da.