Pello: askatzera lotuak!

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Igoa (Etxarri Aranazko Sorturen izenean) 2026ko maiatzaren 18a

Ametsen liburua izenburuarekin argitaratu zen 2015ean duela egun gutxi zendu den Joakin Urain Larrañaga Kixkur idazle eta hogeita sei urtez preso egondakoaren lan gogoangarria. Ametsen liburuan ehunka euskal preso eta iheslari politikok paperean utzitako ametsak jasotzen dira. Eskutitzak, bertsoak, olerkiak, marrazkiak, margolanak…hamaika bitarteko bakoitzaren barne bulkada sakon horren emaria islatzeko.

Kixkur 2023. urtean egon zen Etxarri Aranatzen Pello Mariñelarenaren oroimenez antolatutako solasaldi batean; Piti Pikabea, Mitxel Sarasketa eta Sakanako preso ohi batzuen konpainia ederrean. Pello Mariñelarenak utzitako ondarea hizpide, Pellok idatzi eta margotu zituen ametsak ekarri genituen gogora: "Jakin badakit zu, itxialdi madarikatu hori, bizi genituen egun haien ordaina zarela; bizitzeko eta aske izateko genuen desio horren ordaina". Askatasuna bada preso dagoen ororen amets nagusia, preso politikoen kasuan amets hori norberaren mugetatik harago luzatzen da. Herria delako militante politiko baten oinarri eta helburu.

Pello, zuk agur esan eta hogeita hamairu urtera, zure ametsak egia bihurtzen ari gara. Preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herria begitandu genezake dagoeneko; bere buruaren jabe izanen den Euskal Herria da ondorengo geltokia.