Antifaxismoaren kriminalizaziorik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Lizarraga (Sakanako IAS) 2026ko ekainaren 15a

Pasa den astean antifaxiston aurkako beste operazio bat ikusi genuen, Vito Quiles faxistari aurre egiteagatik 28 atxilotu egon ziren. Haien artean polizia Iruñerriko ikastetxe batera sartu eta ikasle bat atxilo eraman zuen. Horrez gain, selektibitatea egitera zihoan beste gazte bat atxilotzen saiatu ziren eta Altsasun institutuko irakasle bat lanetik alde egitera behartu zuten atxilotua izateko.

Izugarrizkoak dira antifaxiston aurka egiten dituzten makrodispositibo polizialak. Gainera, atxiloketen izaera kriminalizatzailea azpimarratu behar da. Ezin da bestela azaldu, Espainiako Polizia Nazionala institutu batean sartu izana ikasle bat atxilotzeko asmoz edo gazteen lanpostuetara gerturatzea atxiloketak burutzera.

PSOEren gobernua faxismoaren aurkako euste horma bezala aurkezten den bitartean, Barne Ministerioaren kontrolpean dauden poliziek gazte antifaxistak atxilotzen jarraitzen dute, isunak jartzen, gomazko pilotak jaurtitzen eta antifaxismo militanteari borra kolpeak ematen. Bien bitartean, migratzaileen aurkako lintxamenduak eragin dituztenak, LGTB kolektiboko pertsonen erasotzaileak, Desokupako matoiak, polizia indarkeriaren arduradunak eta abar luze batek kalean jarraitzen dute, inpunitate osoz.

Sakanako IASetik argi daukagu zein den gure bidea: hamarnaka ikasle eta irakaslek elkarretaratzea burutu genuen institutuan eta bide horretan faxismoaren aurka antolatzen jarraituko dugu, faxismoari kalean aurre egiten eta erreakzioaren aurkako borrokaren zilegitasunean berretsiz. Poliziaren inpunitateari ez! ANTIFAXISMOAREN KRIMINALIZAZIORIK EZ!