Egunotan Unibertsitatera Sartzeko Probetan (USaP) ezagututako emaitzek iskanbila sortu dute. Oraingoan, EAEn A ereduan eta itunpeko ikastetxeetan aritzen diren ikasleek euskarako arloan lortutako kalifikazio eskasak dira hizketagai. Eta honek, STEILASek betidanik salatu duen errealitate latz bat baieztatu baino ez du egiten: hezkuntza administrazioek berdintasuna
eta euskara ikastea bermatzen ez dituzten ereduak diru publikoz finantzatzen jarraitzen dute. Paradoxikoki, Ipar Euskal Herrian gero eta ikasle gehiago dira probak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen dutenak.
Eskola publikoak, besteak beste, aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa ziurtatzea du helburu, bai eta hizkuntza normalizazioa sustatzeko erantzukizuna ere. Baina, oraindik ere baliabide publiko ugari bideratzen dira zerbitzu publikoen printzipioak eta hezkuntza sistemaren helburu estrategikoetako batzuk behar bezala betetzen ez dituzten sareetara.
USaP sistema neutral eta objektibo gisa aurkezten da, baina errealitateak erakusten du sare guztiek ez dituztela baldintza berberak. Urtez urte, itunpeko ikastetxeek batxilergoko kalifikazio oso altuak lortzen dituzte, eta horri esker, eskari gehien dituzten titulazioetara sartzeko abantaila dute. Bitartean, sare publikoan diharduten ikasleak lehia desleial batean aritzen dira ikastetxeen eta sareen arteko sarbide desberdintasunei aurre egin nahian.
Ikasketak sare publikoan egin dituzten ikasleek zer dela eta gainditu behar dute unibertsitate publikoan sartzeko proba gehigarri bat? Ikastetxe publiko batean hezkuntza ibilbide osoa arrakastaz gainditu dutenek nahikoa egiaztatu dituzte beren ezagutzak eta gaitasunak.
Bestalde, sarbide probak zuzentzen eta gainbegiratzen dituzten irakasleak prozedura publiko arautuen eta gardenen bidez sartu dira funtzio publikoan. Administrazioak sarbide probak zuzentzeko irakasle horiengan duen konfiantza bera izan beharko luke batxilergoan bi ikasturtez egindako ebaluazioan ere.
Horregatik, STEILASen defendatzen dugu ikasketak sare publikoan egin dituzten ikasleak unibertsitate publikoan zuzenean sartzea, inolako proba gehigarririk gabe.
Neurri honek, eskola publikoaren aldeko apustua egin eta honen printzipioak bereganatu dituztenei aitortza egiten die. Gizartean bezala, aniztasuna izan baitute eredu, inklusioa oinarri eta aukera berdintasuna helburu.
Eskola publikoa indartu nahi badugu, diskurtsoetatik haratago doazen neurri zehatzak behar ditugu eta sare publikoan ibilbidea egin duten ikasleei unibertsitate publikora sartzeko lehentasuna ematea da horietako bat. Aurretik, Nafarroa Garaian ezinbestekoa izanen da zonifikazioarekin amaitu eta euskara ofiziala izatea, eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidea lurralde osora behar bezala eta oztoporik gabe zabal dadin.
Egun hauetan ezagutzera eman diren euskara arloko emaitzak ez dira errealitate isolatu bat, desberdintasunean oinarritutako hezkuntza sistema baten ondorio baizik. Heldu da eztabaida irekitzeko eta erabaki ausartak hartzeko garaia. Pribilegioetan eta segregazioan oinarritutako sistema oro desagerrarazteko unea da.
STEILASek argi du. Eskola publikoa lehenesten duenak, bere alde egingo duen unibertsitate publikoa behar du.