Festetan, txoznetan, panel batzuk jarri genituen. Horietako batean VENTANILLA PARA PEDIR EN CASTELLANO irakur zitekeen.
Ez zen kasualitatea izan. Ezta nahasmena sortzeko ere. Asmoa argia zen: ohikoa ez den egoera bat sortzea, ohiko egoera bat ikusarazteko. Egunero hainbestetan gertatzen dena alderantziz jartzea, une batez beste ikuspegi batetik begiratzeko.
Iritzi ugari entzun ditugu ordutik. Bagenekien kartelak ez zituela denak gustura utziko. Batzuei deserosoa egingo zitzaiela ere bai. Eta, neurri batean, hori zen helburua: deserosotasun txiki bat sortzea, eztabaida piztea eta hausnarketarako bidea irekitzea.
Ez dugu inor gaizki sentiarazi nahi. Ez dugu inor baztertu nahi. Nahi duguna da euskaldunok egunerokoan bizi ditugun egoerak ikusaraztea. Horretarako, batzuetan, ohiko logika irauli behar da.
Izan ere, pentsa dezagun une batez alderantziz.
Zenbat aldiz sartzen gara taberna, denda, jatetxe edo bestelako zerbitzu batera eta gaztelaniaz egiten digute lehen hitza? Zenbat aldiz hasten gara euskaraz eta gaztelaniara aldatzen gara, besteak ez dakiela edo ulertzen ez duela antzematen dugulako? Zenbat aldiz egiten dugu aldaketa hori ia automatikoki?
Eta zenbat aldiz gertatzen da gaztelaniatik euskarara?
Hor dago, gure ustez, kartelaren gakoa. Ez zuen egoera berri bat sortzen; ohikoa dena irauli besterik ez zuen egiten.
Eta harrigarriena ez da kartelak eztabaida sortu izana. Harrigarriena da batzuek "oso bortitza" dela esan izana. Are gehiago, euskaltzaletzat beren burua duten pertsona batzuen ahotik ere entzun dugu.
Bortitza? Agian hitz horri buelta bat eman beharko genioke.
Bortitza al da festetan kartel bat jartzea, gaztelaniaz eskatzeko leihatila bat dagoela adieraziz? (Gainera, txantxetan jarritako kontua izanik). Edo bortitza da hizkuntza batean bizi nahi duenak egunero bere hizkuntzan aritzeko oztopoak aurkitzea? Bortitza da une batez egoera irauli eta erdaldunari ohikoa ez zaion zerbait biziaraztea? Edo bortitzagoa da euskaldunari etengabe egokitzea, itxarotea edo gaztelaniara pasatzea eskatzea?
Ez dugu uste kartel bat bortizkeria denik. Bortitza da normalizatuta dagoen desoreka. Bortitza da gure hizkuntzan bizi nahi izatea eta behin eta berriz bestearen hizkuntzara egokitu behar izatea.
Eta horretara ohitu gara.
Gaztelania lehenestea ia ikusezina bihurtu da. Euskaldunak egokitzea, berriz, normaltzat hartzen dugu. Euskaraz ari denak erabaki behar du: eutsi, errepikatu, itxaron ala gaztelaniara pasa.
Eta, bat-batean, rolak aldatzen direnean, deserosotasuna agertzen da.
Baina deserosotasuna ez da beti txarra. Batzuetan, pentsatzera behartzen gaitu. Beste baten lekutik begiratzera. Eta hori zen gure asmoa. Ez inor seinalatzea. Ez iraintzea. Ez inor gaizki sentiaraztea. Bai, ordea, une batez bada ere, euskaldunok askotan bizi dugun egoera erakustea.
Eta euskaraz ulertzen ez duenak testua irakurri nahi badu, baditu horretarako itzultzaileak eta bestelako baliabideak. Oraingoan ere, beste hainbeste alditan bezala, norberak bilatu beharko du ulertzeko modua.
Azken batean, agian galdera ez da kartela bortitza den ala ez.
Galdera hau da: zergatik iruditzen zaigu hain harrigarria alderantzizko egoera, eta hain normala benetakoa?
Horixe da hausnartu beharrekoa.
