Gure amaren etxea defendatzen jarraituko dugu

Erabiltzailearen aurpegia Eneka Maiz eta Bel Pozueta

Ekaitz faxistaren hodei beltzek Euskal Herrian bizi dugun errealitatea mehatxatzen dute, bai Estatu espainiarretik, bai Estatu frantsesetik. Aldi berean, argi izpi itxaropentsuek justizia sozialaren eta pertsona guztien eskubideen alde lan egiten dutenen ortzi muga argitzen dute. Lulak Brasilen izandako garaipena edo Estatu Batuetako emaitzak horren lekuko dira; politika neoliberal, xenofobo eta antifeministei emandako erantzun irmoen lekuko.

Bi errealitate horiek bultzatuta idatzi dugu artikulu hau, euskal herritarren eskubideak eta askatasunak aldarrikatzen dituztenen ordezkari gisa Madrilera joateko aurrerapausoa eman dugun sakandarrak baikara.

Oso argi daukagu gure herriaren historian une erabakigarrian bizi garela eta mami demokratikoa jokoan dagoela. Edo gure amaren etxeko ateak ixten dizkiogu PP, VOX eta UPN alderdiek osatutako bloke erreakzionarioari, edo bloke erreakzionarioak atzera botako du urteotan aurreratutako guztia. Jokoan duguna asko da: langileon eta herritarron eskubideak eta askatasunak zabaltzea edo murriztea.

EH Bildu komunitatea osatzen dugun komunitateko kideok Euskal Errepublika aske eta parekide bat eraikitzeko gure ilusio eta energia guztia jartzen dugu. Herritarrak erdigunean jarriz, haien beharrak entzunez, benetako erantzunak emanez eta bloke aurrerakoiekin bat eginez. Zertarako? Denon eskubideak zabaltzeko, betiere ezker subiranistaren ikuspegitik.

Aste honetan kalera atera gara, etxebizitza duinen aldeko eta soldata duin baten aldeko grebara batuz. Larunbatean Bilboko kaleetan "Badator Euskal Herria" manifestazio nazionalean izango gara. Eta azaroaren 29an ere hautetsontzietan modu arduratsuan jokatuko dugu.

Sakandar guztiak animatzen zaituztegu momentuaren garrantzian pentsatzera, zuen bizitzako esparru guztietan aktibatzera eta hausnarketa hau partekatzera. Oso garrantzitsua da faxismoari aurre egiteko mobilizazioetan eta gizarte esparru guztietan parte hartzea, guztiok ordezkatuko gaituen Errepublika eraikitzen jarraitzeko; betiere gizarte justizia banderatzat hartuta.

Euskal Herria defendatuko dugu. Gure amaren etxea defendatzen jarraituko dugu.