Mendi lasterketa

Lakuntza-Aralar, trumoi eta euri artean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Rubio Mendoza 2023ko eka. 13a, 09:14

Proba luzean Eukeni Goikoetxea eta Arantzazu Perez de Arenaza izan ziren sakandar azkarrenak eta motzean Asier Palacios eta Marina Zabala. Euri zaparrada itzela bota bazuen ere, ez zen aparteko intzidentziarik izan

Jon Sola (HiruHerri, 2:08:09) eta Nuria Mendivil (Tipi Tapa Trail, 2:55:00) izan ziren nagusi Lakuntza-Aralar mendi lasterketaren XVIII. edizioko ibilbide luzean, 26km eginez (1200 m desnibel+). Izan ere, pandemiaren kariaz lasterketa luzea bertan behera utzi zuten, eta aurten berreskuratu egin dute. 67 lasterkari aritu ziren horretan. Lasterketa motzean, ostera, korrikalariek 13 km egin zituzten (640m desnibel+), eta Ekain Salazar (1:01:54) eta Olatz Zabala (Aiaramendi, 1:13:50) gailendu ziren; 122 izan ziren parte hartzaileak. Halaber, martxa ez lehiakorra ere egin zuten.

Irteteko pistola-tiroa goizeko 09:30ean entzun zen, eta hiru ibilbideetako lasterkariak batera atera ziren, Aralarrerantz. Luzean, Lakuntzatik Irumugarrietaraino (1431m) jo zuten korrikalariek eta motzean, Guardetxeraino (1035) joan ziren besteak, ondoren Etxaaltxetatik eta Arangundik Lakuntzara jaisteko. Martxa egitea aukeratu zutenek 13km egin zituzten ere bai, baina ibilbide motzaren kontrako noranzkoan.

Eguraldia bikaina izan zen hasieran, nahiz eta eguzki indartsuak sargoria eragin zuen. “Bero gehiegi egin du hasieran eta larri ibili naiz” azaldu du Mendivilek. Halere, lasterketa motzeko korrikalari gehienak metara iritsi zirenerako oskia belztu eta euri zaparradak bota zituen. “Luzea egin dugunok goian harrapatu gaitu euriak, eta eskertu egin dugu freskotasun apur bat”, jarraitu du Mendivilek. Lainoarekin, ordea, arazoak izan zituen Solak: “Markak jarraitzeko zaila izan da lainoarekin, eta bidetik atera naiz”. Halere, bidea hartu zuen ondoren eta lehena iritsi zen helmugara. “Zapore gazi gozoarekin amaitu dut”.

Sakandarrak, topera
Eukeni Goikoetxea (Dantzaleku Sakana, 2:15:27)altsasuarra eta Arantzazu Perez de Arenaza (CM Gasteiz, 3:05:35) izan ziren lehen sakandarrak lasterketa luzean. “Hasieran kosta egin zait baina gero ondo joan naiz; ibilbidearen paisaiak pena merezi izan du”, esan du Perez de Arenazak.

Laburrean, Asier Palacios (Dantzaleku Sakana, 1:04:36) altsasuarra eta Marina Zabala (Goierri Garaia, 1:17:53) lakuntzarra gailendu dira. Palacios azkar ibili da, baina finago aritu zitekeela aitortu du: “Jaitsieran 4 postu irabazi ditut, baina helmugara iritsi baino lehen indarrak galdu eta aurreratu egin nau korrikalari batek”. Arazoak arazo, pasaden urteko marka 7 segundotan hobetu du altsasuarrak. Zabala ere arin-arin ibili da, eta iazko marka berdindu du. Ordea, asfaltoan korritzea ez dela berea aitortu du: “Jaitsieran oso ondo joan naiz, baina asfaltoa zapaldu orduko aurreratu egin naute”.

Ingurumenaren alde
Zabalarte elkartea Sustrai Eraikuntza Fundazioarekin aritu da elkarlanean aurtengo edizioan; ingurumena zaintzearen alde dihardu Fundazioak. Halaber, Antolatzaileek balorazio oso positiboa egin dute: “Ondo atera da, inork ez du minik hartu eta giroa apartekoa izan da”, esan du Iraitz Berastegi Zabalarteko kideak. 

Sari gozo-gozoa
Lasterketa luzeko irabazle gizon-emakumeek 250 euro jaso zituzten, 100 bigarrenek eta 50 hirugarrenek. Motzean, 100 euro izan ziren irabazleendako. Gainera, Txindoki Gozotegiko tarta bat eskuratu zuten, bertako produktuen lote batekin.