Txirrindularitza

Ziordiko X. Lasterketa Solidarioa ospatu da

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Rubio Mendoza 2023ko eka. 19a, 12:03

Ziordiko Lasterketa Solidarioak hamarkada bete du; ia 6000 euro jaso dituzte eta tonatik gora elikagai

Urtero legez, Ziordiko Lasterketa Solidarioa antolatu zuten Ziordia Running taldeak eta herri horretako Udalak, iragan larunbatean, ekainaren 17an. Aurten X. edizioa izan du arineketak eta jende andana batu da, eguraldiaren gogoz bestera. Izan ere, euri jasak ez zuen atsedenik eman, eta karrerak ere batu behar izan zituzten. Hain zuzen ere, 2,4 kilometroko martxa 17:30ean zen egitekoa, baina trumoi eta zaparraden kariaz, 6,8 kilometroko proba nagusiarekin batera egin zuten, 18:00etan. Txikienen lasterketa, ordea, bere horretan mantendu zuten, adin tartekako proba txikiak eginez. 333 lasterkari aritu ziren Ziorditik gora behera; 145 froga nagusian, 65 martxan eta 123 haur motzenean. 

Aurten lasterketak KM X ELA eta Aurrera Markelekin elkarteak lagundu ditu, Dravet Fundazioarekin eta Espainiako Rett Sindromearen Elkartearekin batera. Gainera, tonatik gorako janari bilketa egin zuten, Paris 365 Jantoki Sozialarendako. Hori gutxi ez, eta 5583 euro bildu zituzten Markel Carmona urnietarraren egunerokoa errazte aldera, izan ere, gen baten mutazioak eragindako gaitz degeneratibo arraro bat du 17 urteko gazteak. Egiazki, karrera bereziak amaiera berezia izan zuen, eta Alberto Diazek eta Mikel Acarretak eskutik heldurik zeharkatu zuten meta, izaera ez lehiakorra izan arren, lehenengo postua eskuratuz. Emakume azkarrena Diana Vecillas izan zen. Sari gisa, kutxa bete produktu lokal jaso zuten. 

Elkartasuna mugaz gaindi 
Arras kontent azaldu da Lasterketaren hauspo den Jose Ramon Ramirez ziordiarra: "Geroz eta jende gehiago gerturatzen da, eta oihartzuna ere zabalagoa da; sare sozialei esker munduko hainbat txokotara iritsi gara". 

Izan ere, herrialde askotariko lasterkariak heldu ziren, Madrildik besteak beste. Pablo Carmenado eta bere taldeak, Drinking Runners, 10 urte daramatzate bertan parte hartzen. Izaera solidarioa duen taldea da, eta lasterketa guztietan kausa ezberdinetarako dirua eta elikagaiak biltzen dituzte. "Ziordikoa da lasterketa solidario hoberena; ehuneko ehunean solidarioa da, eta inoiz galtzen ez dugu zita da hori". 

Zozketa solidarioa ere egin zuten: "Txekiar Errepublikan eta Belgikan erosi dizkigute boleto batzuk", azaldu du Ramirezek. 170 sari banatu zituzten, besteak beste, Gorka Izagirreren Movistar taldeko maillota. Alabaina, Jose Ramonek beste hainbat zita solidario prestatzen ditu urtean zehar, esaterako, ekainaren 4an Futbol Torneo Solidarioa antolatu zuen Ziordia Running taldearekin batera. "Ikaragarria izan da. Azken bi asteetako zitetan 12000 eurotik gora bildu ditugu".