pole sport

Mundiala izanen da

Graciela Prado, ezkerrean, Amaia Beloki, Oihane Izco eta Cristina Martiarenarekin. UTZITAKOA

Pole Sport-eko Mundu-txapelketara joateko sailkatu da Graciela. Urrian eginen da, Polonian, eta Para Pole kategorian arituko da. Backflip eskolako OIhane Izco, Cristina Martiarena eta Amaia Beloki entrenatzailearekin batera joanen da

Gogoko tokian ez da aski malkartsua den aldaparik. Hala dio esaera zaharrak, eta horri ematen dio zentzua Graciela Prado etxarriarrak. Hainbeste, ezen Pole Sport Mundialera joanen baita urrian, istripu baten kariaz hanka galdu bazuen ere.

Ospitalean zegoela, erreabiltadorea aditu zuen Pole Sport izeneko kirol batez hizketan. Sekula entzun gabeko zerbait zen. "Amaia delako bat ezagutzen zuela esan zuen, enrenatzailea, eta hori praktikatzeko gomendatu zidan”, azaldu du. Birritan pentsatu gabe erabaki zuen Iruñeko Backflip Pole Sport eskolara bertaratzea. "Hasieran ez nuen hanka protesikorik, eta sarritan egiten zizkidaten ebakuntzak, beraz, entrenatzera bueltatzen nintzen bakoitzean zerotik hasi behar izaten nuen”.

Hasiera gogorra izan zela dio. "Konplexu asko nituen; azken finean azalarekin heltzen zara barrara, eta lotsa ematen zidan hainbeste erakustea”. Oraindik ere baditu, baina barra heldu orduko, guztiak uxatzen ditu. Halaber, ordu asko eskatzen dituen diziplina da, eta "oso gogorra fisikoki”. 

Ordea, bizpahiru urte atzera, "covid garaian”, hasi zen jarraikortasunez entrenatzen. "Orduan hasi nintzen aurreratzen”. Etxarriarra kontziente da egin duen lanaz, baina  Amaia Beloki entrenatzaileari egotzi dio merituaren zati handia. "Egin ahal duzun maximoa ateratzera doa, eta lortzen du. Beti dago laguntzeko prest, temati”. Izan ere, Amaiari esker aldatu egin da Graciela. Kirolariak ez zuen uste polea egiteko gai zenik, are gutxiago lortu duen maila erdietsiko zuenik. "Apustu handia egin du nigatik; berari esker sinetsi dut gaitasuna dudala”, esan du poz-pozik.

Eskolako lagunek prozesu osoan izan duten garrantzia ere azpimarratu nahi izan du Pradok: "Elkarri laguntzen diogu goibel gaudenean, baina pozez zoratzen gara kideren bati pausu edo mugimendu bat ongi ateratzen zaionean”. Familia baten tankera hartzen dio eskolari. 

Pole Sport-aren gorenean
"Nork esanen zidan niri, Munduko txapelketara joanen nintzenik!”. Hala da. Bi urtetan hasi, hazi eta eztanada egin du Gracielak; Para Pole kategorian (desgaitasunen bat duten pertsonak aritzen dira), Pole Sport txapelketa nagusian egonen da Polonian, eskolako lagun Oihane Izco, Cristina Martiarena eta Amaia Belokirekin batera. "Oihanek eta Amaiak itxaron beharko dute oraindik, beren kategoriako sailkapena uztailean ixten baita. "Hirugarrenak dira mundu-rankingean beraz ez dute sailkatzeko arazo handirik izanen”.

Etxarriarrak aitortu du urduri dagoela, baina baita pozik eta gogotsu ere, mundialetan sailkatzea zaila izaten baita. "Irabazi edo galtzea gutxienekoa izanen da; nola edo hala disfrutatu egingo dut dakidana egiten”.