Astekaria

"Gogorra da triatleta izatea; bokazioa izan behar da"

Ines Moreno, korrika. UTZITAKOA

Bizikletan aulkia zabalegia izateak lesioa eragin dio Ines Moreno triatletari, eta bi hilabete eman ditu lehiatu gabe. Espero du laster bueltan izatea; Gasteizko Iron Man erdia du helburu

Kirola eginez hazi eta hezi da Ines Moreno altsasuarra, abiadura irristaketan lehenengo eta atletismoan ondoren. Gasteiza joan zen ikasketak burutzera eta han ezagutu zuen bere bokazioa; triatloia, naiz eta duatloia ere gogoko duen. Ordu asko eskaintzen dizkio kirolari, eta horren fruituak agerikoak dira. Iaz, Euskadiko Triatloi Txapelduna izan zen Lekeition eta, gaur-gaurkoz, Arabako emakume txapeldun absolutua da. Lehiatzea baino gozatzea du helburu, eta horretan segituko duela dudarik ez du.

Irristaketan hasi zinen eta ordutik ez zara geldirik egon.
Oso gazte nintzela hasi nintzen abiadura irristaketan, Sakanako taldean. Orain Sakana Irristaketa Taldea du izena. Ondoren Iruñera joan ginen taldeko hiruzpalau lagun, hemen jada ez genuelako toki nahikorik entrenatzeko. Bi urtez egon nintzen bertan, eta ondoren IVEF kirol gradua ikastera joan nintzen Gasteiza, eta bertan triatloia ezagutu nuen bertatik bertara. 

Zergatik utzi zenuen irristaketa? 
Iruñera joan ginenean ondo hasi ginen; leku gehiago genuen entrenatzeko. Ordea, ez nintzen ondoegi moldatu entrenatzailearekin eta utzi egin behar izan nuen. Hilabete batzuetara, Gasteiza joandakoan, kirola egiten hasi nintzen berriz ere, baina serioegi hartu gabe. Orduan konturatu nintzen ikaragarri gogoko nuela kirola, eta izandako esperientzia txar batengatik ezin nuela hainbeste maite nuen zerbait alde batera utzi. Beraz, kirola serioki egitea erabaki nuen. 

Zergatik triatloia?
Kasualidadez izan zen. Txirrindularitza deigarria zitzaidan, baina Gasteizen ez zen batera entrenatzen zuen talde femeninorik, eta nik taldea nahi nuen eta ez nire kontu aritu. Nereak ere hala pentsatzen zuen, eta elkarrekin hasi gien triatloietan. 

Zein kiroletan hasi zinen entrenatzen?
Lehenik korrika eta igerika hasi ginen, txirrindula aproposik ez baikenuen. Lasai-lasai ekin genion. Bi hilabetera erosi genuen bizikleta. Beraz, astean lautan entrenatzen hasi ginen; bi egun igerika, bat korrika eta beste bat bizikletan. Dena den, igerilari kaxkarragoa naiz.

"Bizikletetako aulkiak ez daude emakumeondako eginak"

Duatloia edo triatloia nahiago?
Egia da korrikan eta bizikletan arinago nabilela, erosoago, baina diziplina gisa triatloia nahiago dut, dibertigarriagoa da. Ordea, duatloia ere atsegin dut hobeto moldatzen naizelako. Ez dakit, bakoitzak badu bere onena.  Hori bai, duatloia gogorragoa da; korrika egiten hasten zara eta bizikleta hartu orduko neka-neka eginda zaude. Triatloietan, aldiz, igeri eginez hastea ez da hain gogorra muskularki, beraz datozen bi modalitateetan arinago ibiltzen naiz. Denetarik egin dut egia esan; krossak, trailak… Triatletatzat dut nire burua, nolanahi ere.

Ines Moreno

Entrenamenduetan, denbora berdina eskaintzen diozu diziplina bakoitzari?
Helburuaren araberakoa da hori. Esaterako, gabonak baino lehen egiten den Gasteizko maratoi erdia korritu nuen iaz, beraz, irailetik aurrera korri egiteari eman nion lehentasuna. Noski, ez nuen hori esklusiboki egin, bizikletan eta igerika ere ibili nintzen, baina kilometro eta ordu gutxiago eskaintzen dizkiezu. 

Asfaltoa, pista edo mendia nahiago?
Mendia nahiago dut, baina triatloi zein duatloiak nahiko lauak izaten dira, beraz ez gara mendian sartzen entrenamenduetan. Aurredenboraldian indarra ematen dizu mendiak, baina serieak egin eta azkar joateko lurzoru laua behar dugu. Pistan ez gara inoiz ibiltzen, asfaltoa da behar duguna. 

"Mendia nahiago dut, indarra ematen dizu, baina guk asfaltoa behar dugu"

Ohitu beharra dago triatletaren bizimodura?
Bai, baina bokazioa da gakoa. Gustatzen bazaizu egin behar duzu, ordu asko baitira azken finean. Ezagutzen dut jendea gogorik gabe heltzen dena entrenamenduetara eta ez dut ulertzen zergatik jarraitzen duten. Niri asko gustatzen zait, baina egia da gogorra dela. Entrenatzea gutxienekoa da; lagunekin egoteko kasik ez dut denborarik, eta elikagaiekin ere kasu; triatletok kaloria asko erretzen ditugu beraz  dietak ez dira oso zorrotzak, asko eta denetarik jan behar baitugu, baina noski ezin da edozer gauza ahoratu, alkohola esaterako. Azukrea ere ezin dugu nahi adina jan. 

Nolakoa da zure egunerokoa?
Egun, esnatu, ondo gosaldu eta entrenamenduari ekiten diot; ondoren bazkaldu eta berriz ere entrenatzera, arratsaldean lan egiten badut, bigarren entrenamendu hori goizean ere egiten dut. Ariketak helburuaren araberakoak dira, noski; txirrindula, korrika edo igeriketa, horietako bat, bi edo hirurak.

Lasterketa garrantzitsu bat gerturatzen denean, errutina hori aldatu egiten al da?
Lasterketa arrunta bada errutinak bere horretan darrai, baina garrantzia badu bi aste lehenago hasten dira prestaketak; denbora gutxiago entrenatzen dut, intentsitate handiagoz. Dietari dagokionez, lasterketa luzea bada hiru egun lehenago hasi ohi naiz karbohidrato gehiago jaten; kontrara, motza bada, egun bat lehenago hartzen dut karbohidrato kopuru dezentea.

"Duatloietan hobeto moldatzen naiz; triatloiak dibertigarriagoak dira ordea"

Duela urtebete Euskadiko txapela eskuratu zenuen, Lekeition, triatloi sprint kategorian.
Hala da, modalitate azkarra da sprint-a. Ez nuen inola ere espero. 15. atera nintzen itsasotik, igeri egitea baita nire ahulgunea, baina lasai-lasai hartu nuen, bizikleta hartu eta pixkanaka aurreratzen hasi nintzen. Bigarren trantsiziora heldu nintzenean (kirol batetik bestera egiten den aldaketa eremu edota denbora tartea), ibilgailua utzi eta korri egiten hasi nintzen ziztu bizian. Bapatean megafoniatik entzun nuen aurrean nuen neska eta biok 2. postua lortzeko lehia bizian genbiltzala; bi minutura zegoen, eskapo eginda, eta 5km geratzen ziren lasterketa amaitzeko. Denbora banuen, beraz azkarrago hasi nintzen, bigarren postu hori konkistatzeko, baina abiada hartu eta lehena zihoan neska ere aurreratu nuen, Euskadiko Txapelketa irabaziz.

Ines Moreno itsasotik irteten

Ateak ireki dizkizu hori irabazteak?
Bai. Euskadiko Txapelketa irabazi nuenean triatloi eskola bat jarri zen nirekin harremanetan, eta esan ea prest nengokeen bertan entrenatzaile gisa aritzeko. 10 eta 18 urte arteko haur eta gazteak prestatzen ditut bertan, mailaren araberako hiru taldetan. Batzuk aisialdi gisa hartzen dute, eta beste asko txapelketetarako prestatzera doaz. Denek ala denek, ostera, kirolaz aisialdia egitea dute helburu.

Duatloietan Euskadiko txapeldunordea izan zara berriki.
Duela hilabete izan zen, Zizurkilen. Egia da irabaztea espero nuela, asko entrenatu bainuen. Lesionaturik nago eta horrek ez zuen batere lagundu. Korrika egiterakoan gorputza mindurik sentitu nuen; bizikletan erosoago aritu nintzen. Horixe izan da egin dudan azken txapelketa. Dena den, bigarren postu hori poztekoa da. 

"Kasualidadez hasi nintzen triatloietan; graduko lagun bati esker izan zen"

Nola egin zenuen lesioa?
Bizikletetako zelak ez daude emakumeondako eginak, oro har, eta zoru pelbikoa lesionatzen dugu horrela. Guretako aproposak diren aulkiak behar ditugu. Orain hilabete batzuk aldatzea erabaki nuen, min hori ekidite aldera, eta, hara non, lesioa eragin dit aulki berriak. Zabalegia zen antza, iskiotibialen eta iskionen arteko inserzioa zanpatu nuen, ipurdian dauden hezur horiek, tendinitis bilaterala eraginez. Espero dut aste batzuetan guztiz osatzea, hilabete egon bainaiz korrika aritu gabe. 

Hori gutxi ez eta Arabako txapeldun absolutua zara emakumeen kategoria absolutuan.
Aurten liga berria egin dugu, eta Arabako txapelketa guztietarako puntuatzen dugu. Duatloi sprint-ean, distantzia motzean, Arabako lehena izan nintzen, baita olinpikoan (sprintaren bikoitza) ere. Distantzia luzean, Zuian, Arabako txapelduna izan nintzen, hortaz, hirurak irabazita Arabako txapelduna naiz, emakumeen kategoria orokorrean, hau da, absolutuan. 

Lesioaz gain, denboraldi ona egin duzu?
Tira... ez oso ondo. Pasaden urtean hain ondo ibili eta gero... Duatloietan ondo hasi nintzen, eta triatloien denboraldia mustu orduko, lesionatuta. Orain arteko helburuak bete ditut, baina pena handia da hain goiz bukatzea. Kirolarien bizitza halakoa da, atletismoan daramatzadan bost urteetan ez dut sekula lesiorik izan, noiz bait iritsi behar zen. 

Espainiako Txapelketara joanen zara?
Duela bi urte izan nintzen, Avilesen, eta 40. postua eskuratu nuen. Esperientzia polita izan zen, baina nahiago dut Euskal Herrian lehiatu, presioa eta denbora eskuragarriagoak baitira. Uste dut maila dudala, baina ez da niretako. Gainera, aurrerantzean, distantzia luzeagoetan arituko naizela uste dut. Nahiago dut disfrutatu lehiatu baino. 

Datorren denboraldirako helbururik baduzu?
Legutio da nire hurrengo erronka, uztailaren 8an. Hiru aste gelditzen dira eta espero dut ordurako lesioa guztiz osatzea. Duatloiak otsaila aldera hasten dira eta triatloiak apirila edota maiatzean, baina urrian Gasteizko duatloia egiten da, eta bertan izanen naiz. Gasteizko half-a ere eginen dut; 70 bat kilometroko Iron Man erdia. 

Sakanako zein lasterketa duzu gogokoen?
Arbizuko duatloia dudarik gabe. Oso polita da eta Altsasukoa baino luzeagoa da. Lizarragako portuan asko ibiltzen naiz bizikletaz, eta asko kontrolatzen dut. Gogorra da, eta nik hori biziki atsegin dut.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna kirol honetan?
Kirol honetan, beste askotan bezala, ez dago dirurik. Oso zaila da bizitza ateratzea soilik kirola eginez. Nik disfrutatzeagatik egiten dut. Gradua amaitu eta hezkuntzan sartzeko masterra egin berri dut, beraz irakasle izanen naiz; arratsaldetan entrenatzen jarraituko dut eta distantzia luzean arituko naiz duatloi zein triatloietan. Gustura arituko naizela uste dut.