Disko jaurtiketa

June Kintana Espainiako Federazio Autonomikoen Txapelketan ariko da

June Kintana, Larrabide Estadioan. J.P URDIROZ

Silesiako emaitzak ez ziren esperotakoak izan; Iruñean hobeto aritzea espero du

June Kintana bakaikuarra Espainiako Federazio Autonomikoen Txapelketa Absolutuan lehiatuko da, datorren uztailaren 15ean, Iruñeko Larrabide Estadioan. Lehiaketa oso garrantzitsua da bertan ariko diren atletentzat, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetara joateko sarbidea lortu baitezakete. 

Goizeko 9:00etatik iluntzeko 22:00ak arte ariko dira atletak estadioan, eta eguerdiko 12:40an izanen da Kintanaren txanda. Sanferminetako festei amaiera emanen die txapelketak. Halaber, Nafarroako Atletismo Federazioaren urteurrena izanen da. 1923an jaio zen federazioa, eta 28 atletismo-klub barnebiltzen ditu.

Silesian, goibel
Taldekako Europako Txapelketa egin zen ekainean, Silesian (Polonia), eta emaitzak ez ziren esperotakoak izan Kintanarentzat. “Ez zen egun ona izan”. Halere, Selekzioko gainerako kideen emaitzei esker, laugarren postua eskuratu zuen taldeak.